GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Nafarroako finala

Unai Bertizek berriro ere txapela jantzita amaitu du

Sunbillakoa nagusi izan zen hiru harrirekin, eta merezita irabazi zuen saioa.

p035_f01_098x113.jpg

Jon LEUNDA

Ez da ezusterik izan. Unai Bertizek irabazi zuen atzo Iruñean Nafarroako txapela. Sunbillakoak alde nabarmena kendu zion bigarren sailkatu zenari, Josetxo Urrutiari. Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili zituen, bakoitzarekin bi minutu eginda.

Zilindroari 23 jasoaldi eman zizkion Bertizek, eta harririk handienarekin biko aldea kendu zion Urrutiari eta laukoa, Ariztegiri. Kubikoarekin ere Sunbillakoa izan zen onena, guztira 15 jasoaldi egin baitzituen, eta beste biko aldea atera zion Urrutiari. Ariztegiri, berriz, beste lau kendu zizkion.

Azkenik, bolarekin aritu ziren, eta hor ere txapelduna nagusi izan zen, bi minututan 20 aldiz berdindu baitzuen harria bizkar gainean; hiruko aldea atera zion Urrutiari, eta seikoa Ariztegiri.

Amaieran, Bertizek 6.562,5 kilo jaso zituen, eta Urrutiak, berriz, 5.782,5 kilo. Ariztegi geratu zen hirugarren; honek 5.012,5 kilo bizkarreratu zituen.

Lasto-altxatzea

Bertiz ez zen izan atzoko txapeldun bakarra, Iñaki Bereauk ere jantzi baitzuen txapela; honek lasto-altxatzekoa lortu zuen. 45 kiloko lasto fardoa erabili zuten bi minutuan, eta txapeldunak 22 jasoaldi egin zituen.

Bigarren postuan, berriz, Carlos Sein sailkatu zen 21 jasoaldirekin. Hirugarren postuan, podiuma osatuz, Oskar Telletxea sailkatu zen 20rekin. Laugarren, berriz, Retegik amaitu zuen 10 jasoaldirekin, eta azken postuan Eneko Telletxea sailkatu zen 6 jasoaldirekin. Lehian aritu ziren kirolari guztiak Igantzikoak ziren.

Lehen jardunaldia amaitu da, baina herri kirol jaialdiak hasi besterik ez dira egin. Gaur, 12.00etatik aurrera trontzalarien Nafarroako finala jokatuko da. Bertan, Barberena anaiak, Pikabea-Morrondo, Lasaga-Galarregi eta Cano-Maiza lehiatuko dira. Bakoitzak kana-erdiko bati 14 epai etzanda eta lau zutik eman beharko dizkie. Kadeteen finala ere jokatuko da.

Bihar, binakako aizkolarien finala jokatuko da. Nazabal-Rekondo, Ohian eta Donato Larretxea eta Lopez-Senosiain I.a lehiatuko dira. Bakoitzak sei kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu. Orga-jokoko finala ere jokatuko da. Horretan Urrutia, Urtiaga, Bujan, Petrirena eta Galarregi arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo