GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA Euskal Herriko Txapelketa

Gaztedik eta Goiherrik aurreneko postua izango dute jokoan azken jardunaldian

J.L.

Erandion, San Kristobal auzoan, jokatuko da gaur 17.30etik aurrera Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako 600 kiloko azkeneko jardunaldia, eta emozioz gainezka heldu da.

Izan ere, Gaztedi eta Goiherri puntuetan berdinduta heldu dira amaierara, eta dena gaur erabaki beharko da. Bien arteko lehia oso garrantzitsua izango da; hori irabazten duenak garaipena lortzeko aukera handiak izango ditu, beti ere gainerakoak menderatzen baditu.

Berdinduta amaitzen baldin badute eta saioa amaitutakoan bi taldeek puntu kopuru bera baldin badute, kitarakoa jokatu beharko dute.

Hirugarren posturako, aldiz, Mutriku dago, eta badirudi gipuzkoarrek postu hori ziurtatuta daukatela. Gaurko helburua lehenengo postuan amaitzea izango litzateke, aurretik dituen bi taldeak estu hartuz, eta horretan saiatuko dira. Bi pisu handietan horretarako gai direla erakutsi dute, eta saiatu gabe ez dira geratuko azkeneko jardunaldian.

Laugarren posturako ere emozioa soberan egongo da, Goiherri B eta Getxo puntu kopuru berarekin heltzen baitira. Hor ere bien arteko neurketa oso garrantzitsua izango da, garaipena lortzen duenak aukera asko izango baititu laugarren postua eskuratzeko. Lehen posturako bezalaxe, bi taldeek amaieran puntu kopuru berarekin amaituko balute, kitarakoa jokatu beharko lukete. Gaztedi mistoak, berriz, oso zaila izango du azkeneko postua uztea, orain arteko bietan hor izan baita, tiraldi bakar bat ere irabazi gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo