HAUR-GAZTE LITERATURA
Giza trafiko zitala
Xabier ETXANIZ ERLE
Gazte literatura mugako literatura da, eta zubi literatura. Haur eta helduen literaturaren tartean kokaturik gazteen interes, gustu eta beharrei erantzuteaz gain helduen literaturarako bidean dagoen produkzioa da. Irakurlea prestatu egiten duena, irakurketa sakona eta osoa egiteko elementuak eman behar dizkiona. Eta, hain zuzen, muga egote horren ondorioz, helduen literaturako bidean dagoen produktua izanik, sarri kritikatua izan da, helduentzako kalitaterik ez duena hor kokatzen omen delako garbi esanda.
Heriotza zuriz jantzita nobela bizi eta entretenigarria irakurtzean horrelako sentsazioa izan nuen nik hasiera batean. Protagonistak nahiko helduak dira (edo ez liburuaren irakurleen adinakoak, behinik behin) eta tratatzen duen gaia (giza trafikoa, prostituzioa…) ere gazteen interesetatik urrun samar kokatzen nituen. Baina Mintegik, oraingoan ere, ederki erakutsi du istorioak kontatzeko duen abilezia. Egia da hasieratik nabaritzen dela zer gertatuko den laguntza eskatzen dien neskarekin (nahiz eta ez dakigun nola iritsiko den neska hori gure neska-mutilengana) baina nobelaren tentsioa une horretatik aurrera ikusten dugu.
Nafarroako mendialdeko herri txiki batean prostituzio etxe handi bat ireki dute eta bertan lan egitera behartzen duten neska gazte batek, hamazazpi urteko neska brasildar batek, ihes egin, eta kontakizuneko protagonistak diren lau gazte unibertsitarioen opor etxean ezkutatuko da. Polizia ustelekin eta klubeko morroiekin izango dituzte gora-behera batzuk gazteek, argi eta garbi ikusten baitute guztiek unibertsitarioen etxe inguruko eta beraien inguruko sarea gero eta gehiago estutzen ari dela. Horrela, irtenbide bakarra aukeratu beharko dute; poliziak eta morroiak engainatu eta mendi aldera abiatzea Klaudiaren askatasunaren bila.
Nobelaren abiapuntua elurretan egun batzuk pasatzera doazen lau gazteren irteera bat dugu, eta hasieran horixe dugu, ustekabe eta anekdotaren bat edo besterekin elurretan eskiatzen ari diren gazteen kontakizuna, baina sabaian zarata batzuk entzun eta gauean neska brasildarra ezkutatuta aurkitzen duten unetik aurrera nobelak bestelako norabidea hartzen du. Bizia eta tentsio handikoa. Misteriozko edo intrigazko filmetan bezala, denok ikus dezakegu klubeko morroiek eta poliziek nola estutzen duten gero eta gehiago protagonisten inguruko soka. Errepidean kontrolak jartzetik etxea miatzera edo beraietako bat bahitzera pasatuko dira informazio bila. Irakurleak, orduan, nolabaiteko sinpatia sentitzen du gazteekiko (unibertsitarioekiko, baina batez ere prostituzio saretik ihes egin nahi duen neskatxarekiko) eta horiekin sufritu eta gozatu egingo du.
Mintegiren nobela honek gure literaturan oso gutxitan ukitu den gai bat ekartzen du gure artera, gaur egun gizartean eztabaida sortzen duen prostituzioaren gaiari giza trafiko zitala gehitzen baitio.
Arestian gazte literaturaren gorabeheraz hitz egitean ez dugu aipatu literatura horrek ere laguntzen duela giza nortasuna garatzen, jarrera kritikoa bultzatzen, gizarteko gertakarien aurrean jarrerak izaten… eta horregatik guztiagatik, besteak beste, merezi du Migel Angel Mintegiren istorio latz eta, era berean, hunkigarri hau irakurtzea.
HERIOTZA ZURIZ JANTZITA
Migel Angel Mintegi.
Ibaizabal, 2011.
11,40 euro, 168 orr.
Migel Angel Mintegi.
Ibaizabal, 2011.
11,40 euro, 168 orr.