GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Iruñeko Sanferminak

Egia, justizia eta ordaina lortzeko batzordea eratzeko eskatu diote Udalari

Duela zenbait aste Irlandako Derry hiriko «Igande Odoltsuaren» biktimen ordezkaritzak Iruñera egindako bisita sostengu handia dela esan zuten German Rodriguezen lagunek. Irlandan bezala, Euskal Herrian ere egia argitzeko batzordea osa dadila eta Iruñeko Udalak egitasmo hori bultza dezala eskatu zuten. Horretaz gain, Julieta Itoiz «La Chula Potra» rap kantariak, Orreaga etorbideko ekitaldian parte hartu zuen lehen aldiz.

p058_f02_100x100.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Egia, justizia eta ordaina. Hori eskatu zuten beste behin atzo, uztailaren 8an, Iruñeko Orreaga etorbidean German Rodriguezi egiten dioten omenaldian. Miren Egañak nabarmendu zuenez, aurten, 1978tik bizirik dirauen aldarrikapen honek sostengu berri bat jaso du, Irlandako Derry herrian gertatu zen «Igande Odoltsuan» jazotakoa argitu eta zabaltzeko lanean aritu den taldeko ordezkarien bisita jaso baitzuten.

Irlandan bezala, Euskal Herrian ere egia argitzeko batzorde bat antolatu beharra dagoela nabarmendu zuen Egañak. «Horretarako, ekinean jarraitu behar dugu, lanean segitu behar dugu, baina helburua lortzeko gai gara», esan zuen.

Atzoko ekitaldian beste berrikuntza bat ere izan zen: Julieta Itoiz La Chula Potra rap abeslari ezagunaren emanaldia. Itoizek Iruñeko alkate izandako Yolanda Barcinari eskainitako kanta bat dela-eta, abeslariaren aurkako salaketa jarri zuen egungo Nafarroako presidenteak. Atzo, berriz, German Rodriguezi eskainitako abestia aurkeztu zuen, hilarrian 1978an Poliziak hildakoaren argazkia paratu ondoren. Soinu sistemarekin arazotxoren bat edo beste izan bazen ere, Itoizek jendea mugiaraztea lortu zuen egungo egoera eta 1978koa uztartzen duen rap-arekin.

Chula Potra eta Fermin Balentzia

Uztailaren 8an Orreaga etorbideko hitzorduari hutsik egiten ez diona Fermin Balentzia kantautorea da. Atzo ere han izan zen, bere gitarrarekin, «Hilarria» abestia kantatuz han bildutako ehunka lagunak hunkitzen.

Peñetako ordezkariek nabarmendu zutenez, 1978an jazotakoa ez zen gertaera bakana izan. «Trantsizioa» delako prozesuan eskuin frankistak Euskal Herria zatikatzeko eta bananduriko Nafarroan Foru Hobekuntza inposatzeko estrategia batean kokatu behar dela azpimarratu zuten.

Horren haritik, botereak historia bere ikuspegitik soilik kontatzen duela eta herriak ere bere historia ikertu eta zabaldu behar duela adierazi zuten.

Peñetako ordezkariek Derrytik jasotako bisitaren garrantzia nabarmendu zuten, halaber; herritarren eskubideen alde borrokatzen direnak inoiz ez daudela bakarrik, indarrak biltzeko elkartasuna dutelako. «Mundu bat, borroka bat», aldarrikatu zuten.

Alde horretatik, Irlandan egindako lana eredutzat hartuz, Euskal Herrian ere egia argitzeko batzordea eratzea ezinbestekoa dela esan zuten eta Iruñeko Udalari egitasmo hori babesteko eskatu zuten.

Benetako demokrazia lortzeko eta 1978an German Rodriguezekin gertatutakoa berriro gerta ez dadin batzordea eraginkorra izango dela gaineratu zuten. «Horrelako batzorde batekin guztiok irabaziko dugu», gaineratu zuten.

Orreaga etorbidean elkarturiko ehunka pertsonen artean Iruñeko Bilduko zinegotzi Eva Aranguren eta alderdi bereko parlamentari Koldo Amezketa izan ziren. Tafallatik, Arturo Goldarazena Bilduko zinegotzia ere etorri zen.

German Rodriguezen omenezko ekitaldiari amaiera emateko «Internazionala» euskaraz eta «Eusko Gudariak» abestu zuten ukabila altxatuta Orreaga etorbidean bildutakoek.

INDEPENDENTISTAK

Independentistak sareak deituta, Kantu-Dantza kalejira berdea egingo dute bihar Iruñean. 12.30ean abiatuko da Mercaderes kaletik eta Navarreria eta Estafetatik igaroko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo