GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Euskal Herriko finala

Lau kirolari lehiatuko dira garaipenaren bila

p035_f02_88x132.jpg


J.L.

Juan Joxe Lizaso, Arkaitz Arteaga, Jon Kanflanka eta Mikel Alkorta lehiatuko dira bihar 12.00etatik aurrera Oiartzunen, Pikoketako belardietan, Euskal Herriko Txapelketako finalean.

Segalari bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko eta tarte horretan kilorik gehien ebakitzen duen kirolariak jantziko du txapela.

Adituen ustez, Juan Joxe Lizaso da txapela lortzeko faborito nagusia. Asteasuarrak aurten Gipuzkoako txapela jantzi du betiko era honetan, baita nazioarteko eran ere. Euskal Herriko Txapelketako finalerdietan ere bera izan zen onena, eta zaleek hori guztia kontuan hartuta bera daukate faboritotzat.

Lehian arituko diren beste hiru finalistak ere oso kontuan hartzekoak dira. Arkaitz Arteagak badaki zer den txapel hau lortzea, eta finalerdietan erakutsi zuen oso maila onean zegoela. Hala, hau ere ahaleginduko da asteasuarra estu hartzen eta gainditzen.

Mikel Alkorta ere sasoiko dagoela agerikoa da, eta berak ere orain arte lortu ez duen garaipen preziatu hau lortu nahiko luke. Horretan saiatuko da, eta kontuan hartu beharko da.

Jon Kanflanka da Gipuzkoakoa ez den segalari bakarra. Leitzarra da, gainera, iazko finalean aritu zen segalari bakarra, eta berak, gainera, bigarren postua eskuratu zuen. Aurtengoan ere asmo bera eramango du.

Iazko finala ere leku berean jokatu zen, eta orduan Jexuxmari Ormaetxeak lortu zuen garaipena. Uztailaren 18an jokatu zen, eta Orendaingoak 2.884,5 kilo belar moztu zituen.

Harri-zulatzaileak

Euskal Herriko Ligako seigarren jardunaldia jokatuko da bihar, Barakaldoko plazan 19.00etan. Bertan, Aldai Alde, Kabiezes, Burdin Gazteak, Errekatxo, Las Karreras eta KZ Kolpeka lehiatuko dira.

Lehian izango ez dena Txorierri da, orain arte probarik gehien irabazi duen taldea eta sailkapeneko lehen postuan zegoena. Taldeak, ordea, lehiaketa uztea erabaki du, ez jarraitzea, nahiz eta txapela ia eskuetan zuten, eta horrek gainerakoei atea zabaltzen die.

Ia dena erabakita egotetik dena erabakitzeko egotera pasatu da, eta honek falta diren jardunaldietarako emozioa pil-pilean jarriko du. Orain Burdin Gazteak eta Kabiezes izango dira bi faboritoak, eta auzia bien artean egongo dela dirudi. Bihar garaipena eskuratzen duen taldeak indar handia hartuko du, eta hortik aurrera ikusi beharko da zer nolako norabidea hartzen duen Ligak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo