Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
«Zezenak harrapau gaittu, idixko!»
Hau dok Tourra! Lehen aste honetan tentsioa eta erorketak dira protagonista urtero. Aurten ez da salbuespenik izan! Bihar beteko da astebete Tourra hasi genuela, eta aste hau pasata, ibilbidea aldatzearekin batera arriskua ere gutxitu egingo da bihartik aurrera, teorian behintzat.
Gaur zen azken «entzierroa», zuk atzo zenioen bezala, hemen, sanferminetako entzierroetan bezala, estropezu, erorketa eta korrikaldiak etengabeak baitira. Gertutik bizi izan ditugu egunotan erorketa guzti horiek, zuk are gertuago agian; izan ere, zeure egitekoa baitzen taldeko liderrak aurrean kolokatu eta hauetakoren bati ezer gertatuz gero, korrika eta presaka ahalik azkarren tropelera itzularaztea. Ni saiatu naiz arrisku hori ekiditen -zezenak hesiaren bestaldetik ikustea ezinezkoa bada ere- zezenen aurrealdean korrika ibili ordez atzetik ibiltzen.
Ezbehar ugari gertatu dira egun hauetan eta bidean lagun onak ere galdu ditugu. Ivan etxera bueltatu eta gaur egin diote ebakuntza eta Jani ere antzera uste dut. Hala ere, pozik ginen, zoritxarreko erorketa hauek geure azalean jasan gabe aste hau burutzear ginelako. Azken egunean aldiz, azken entzierroan adarkada ederra jaso diagu! Helmugarako 40 km inguru falta zirela, lurrean ikusi zaitut beste askorekin batera, eta nik erreakzionatu dudanean, frenatu beharraren beharraz, aurreko gurpilaren gainean oreka egiten nuen bitartean atzetik despistatuta zetorren zezentxoren batek saihespean adarkada eman dit, bizikleta eta gurpil korapiloan endredatu garelarik.
Minik hartu badugu ere, aurrera jarraitzeko moduan izan gara eta Oñatiko idixkoa laster jarri da berriz ere gindoazen tropeltxotik tiraka, indartsu, basurde zaurituaren antzera; aurrekoekin bat egin nahirik, bere taldekidea onenekin sartzeko asmoz. Halere, 3 minutu galdu ditugu helmugan, baina askoz gehiago izan zitezkeen... Tourra irabazteko hautagai askok denbora galdu dute egunotan eta beste asko etxean dira jada. Gaur, Wiggins izan da lepauztaia hautsita, etxerako bidea hartu duena.
Hau dok tourra idixko! Momentu batetik bestera dena pikutara joatea normala duk, eta guk Frantziako asfaltoa musukatuta, eta zauriren bat edo besterekin bada ere, aurrera darraigu... Bihartik aurrera min hauek baretzen doazen heinean beste tour bat izango diagu eta hor muturra erakutsi nahi nikek! Orain arte telebistan agertu naizen guztietan tropelaren atzealdean doan kamerak ipurdia besterik ez zidak enfokatu eta!