Daniel Dergi Gradignaneko espetxera eraman dute eta gose greban da
Asteazkenean atxilotu zutenetik, Daniel Dergi gose greban da Gradignaneko espetxean. Bere kontrako euroagindu eskaera bakarra helarazi du Madrilek. Bestalde, Kontseilu Nagusiko lehendakariordeak Etxerat eta Anai Arteako ordezkaritza bat hartu du.
Arantxa MANTEROLA |
Joan den asteazkenean Cahorsen atxilotua izan bezain laster, gose grebari ekin zion Daniel Dergi preso politiko ohiak. Hala jakinarazi zuen, atzo, bere abokatu Yolanda Molinak.
«Familiak ez du Dergi ikusterik izan. Soilik, Ageneko Epaitegira eraman zutelarik, bere neskalagunak animo oihuak egin zizkion ibilgailura inguratuta, baina Poliziak berehala eta bortizki baztertu zuen» adierazi zuen Molinak.
Hasieran, Ageneko espetxean zegoela zabaldu bazen ere, Gradignanekora (Bordele inguruan) eraman zutela argitu zuen bide batez.
Berrogeita hamar urteko hiriburutarrak aurretik osasunean ondorio txarrak eragin zizkion gose greba luzea (63 egunekoa) egin zuen 199an. Epaitegiak datorren asteartean aztertuko du euroagindu eskaera. Prentsa agentziek Dergiri hainbat ekintza egotzi bazizkioten ere, bere abokatuak zehaztu zuen Auzitegi Nazionalak eskaera bakarra egin duela, «1994ko martxoan Parisetik Gipuzkoara igorritako `bonba-gutun' batekin» lotutakoa.
Kontseilu Nagusian
Bestalde, Etxerat eta Anai Arteako kideak Kontseilu Nagusiko Baionako ordezkaritzan izan ziren ostegunean. Oren batez Kotte Ezenarro lehendakariordearekin mintzatu ziren, batez ere, eri diren presoen inguruan eta beren etxetik hurbilen dagoen presondegietara hurbiltzeko eskakizunaz.
Etxerateko kideek «beren lekukotasun hunkigarria» eskaini zioten Hendaiako kontseilariari eta, beren senitartekoez gain, familiek ere egunero pairatzen duten egoera (bidaien unadurak, buruhausteak, diru gastuak...) azalduz.
Anai Arteako ordezkariek, berriz, xehetasunak eman zizkioten Estatu frantseseko 30 espetxeetan sakabanaturik dauden 150 presoei buruz, batik bat, erien egoera nabarmenduz.
Bi elkarteek adierazitakoaren arabera, Ezenarrok erakutsi du «presoen gaia aspalditik ezagutzen duela eta ez dela ele onetan geldituko». Alta, argi dute «preso politikoen inguruko kezka kontseilarien gehiengoari helarazteak luze joko duela.
Nolanahi ere, bi elkarteek adierazitakoaren arabera, «Euskal Herria egoera berri batean den honetan, bi Estatuei beren legeak eta presoen inguruan Europatik eratorritako irizpideak betearazteko, denen indarra bildu beharko da».
Anai Arteak Kontseilu Nagusiko lehendakari-ordeari gogorarazi zion euskal preso politikoak hurbiltzea «aspaldiko eskakizuna dela, gizarteak bereganatu duena eta euskal kontseilari gehienek ere bere egin dutena».