GARA > Idatzia > Mundua

Edorta Jimenez | Idazlea

Sion berria

Uztailak sei gaur. Iluntzea Kolynpariko portuan. Arrantzaleek oraintxe utzi diote euren zereginari. Tretzak prestatzen jardun dute, hizketa lasaian. Mundakan edo Bermeon egon legez sentitu naiz. Hizkuntza gorabehera. Mundua bakarra ei da eta, guztionak haren arazoak eta buruhausteak. Ez nator bat. Eta nago arrantzaleok ere ez datozela horrekin bat.

Globala deritzoten munduan arrantza mota honek zail dauka etorkizuna. Etorkizunak, berriz, arrantza mota honentzako lekua beharko du, osterantzean ez dugu etorkizunik. Arrantzontziek hemen jatetxeren baten izena erakusten dute guztiek. Turistek arraina itsasotik harako dela eta non jan dezaketen jakin dezaten. Turistari askorik ez, ostera, inguruotan. Eta daudenetako batzuk, beren ghettoan. Israldearrek hotela dute hemen, Aura Imperial izenekoa. Bestela uztaila eta mahai gehienak hutsik, horra egoera. Errua ez ei da krisiarena huts-hutsik. Gernika ontzia bahiturik datzan portu hau egikeran hondartzak hondarrik barik geratu ziren, hori hondamena. Ingurumenari «ikutuak» ausart ekiten diotenen bururik eza.

Hemen zein gurean, edonon. Erantzukizun larria dute. Nagoen isilik. Ez dut eta Mundakako ezker-olatuaren afera gogora ekarri nahi. Ezin diot gogoeta egitera utzi, ostera. Hogeigarren mendeko hondamenik handiena, gerrateak alde batera, Turismo Sistema izan da.

Turismoak bere aurreko ekonomi jarduera gehienak desagerrazten ditu eta, halako batean, krisia dela, gerraren bat dela edota portu honetan egin diren lanak bezalakoak direla, turistarik ez. Arrisku handia da Kreta bezalako lekuetan Turismoa bilakaraztea ekonomiaren eraikinaren oinarri eta teilatu. Salgai dago Grezia, Kreta eta bere itsasoa barne. Ez dakidana da Gabriel García Márquezen El otoño del patriarca hartan bezala egingo duten. Itsasoko ura kaixatan eroan. Bitartean arrantzaleak euren zeretan. Egunen batean gasolinarik ez balego ere haize-oihalez nabigatzeko gai izango lirateke. Ez, ostera, kostazainak. Honaino iluntzeko gogoetan, idazteari uzten diot.

San Fermin goiza! Deia Euskadi Irratitik. Horren ostean, ordenagailura. Hala da ze, nire neure gokorako gogoetan idazten harrapatu nau Eguneko lehenengo ezustekoa izan denak. Hamabiak aldera izan da. Istriborreko amulatik ehun bat metrora jagole gaizto izan dugun kostazainak itsaso zabalera egin du. Bihotzak danba egin digu, golkora. Ustekabean harrapatu gaitu maniobrak. Lehenengoetan sinestu ere ez dugu egin. Badoa! Asunek kamera hartu du, eta goiko kubiertara. Salvak ere harexe egin du. Ontziak portua txopan utzi duelarik branka aldeko kostazainekoei galde egin die. Badoaz, eta zuek? Agian itzultzeko joan da, irribartsu erantzun diote. Baina eta zuek?, berriro. Besoez Batek daki! keinua egin dute.

Kostazainaren ihesa gure Gernika honetan bizi izan ditugun une gogor eta latzenetako baten erdian etorri da. Enbaxadan diren gure kideen egoeraz kezkaturik gabiltzalarik, erabaki gogorrak egiteko tenorean sentitu dugu gure burua, egia.

Kapitaina, galde egin Willyk. Hondartzan, Asunek. Esan egin beharko zaio, ba. Zertarako? Horrek ez du ezer aldatzen. Baietz nik, eta dena dela kapitainari gertaera guztien berri eman behar zaiola. Ez dirudi nire erantzunak balio izan dionik Asuni, bere zereginean jarraitu baitu. Arrantzaleek ere berdin. Euren zeretan. Hizketan. Azken zigarretaz hurrengoa iziotzen ia-ia. Eguzkia noiz ostenduko, tretzak eta sareak hedatzera joateko.

Jakin ahal izan dugunarekin bat, kostazainak hemen egotea ez dute inondik ere. Ulergarria. Hala bada, uztailaren zazpiko goizean gu poztu ginen bezainbeste poztu direlakoan nago. Eguneko bigarren ezustekoa iluntzean etorri da. Ez da hain atsegina izan.

Lehenengo lau turista etorri dira Genika ontziaren ababarreko bandarantz. Behingoan antzeman diegu. Juduak. Goiko karela gako eginda hantxe eskegita ditugun trapuei argazkiak ateratzeari ekin diote. Manu Tapialek galde egin die. Zer deritzoten. Orduan turistetako batek Ondo, baina nire iritzikoak %3 gara!

Hurrengo etorri diren gizonezko biek ez dute irririk ekarri, sumina baino. Batek ontziari eraso nahi izan dio, nondik atera duen ez dakidan halako tresna batez. Ingeles giltza edo. Ezer egin barik joan dira. Eta hara, bat-batean judu talde handia bildu da ontzitik berrogei metrora. Mendi-bizikletaz etorriak, itxuraz. Luzaza egon zaizkigu begira. Azkenean txirrinduak parrilla bitan bildurik eta parrillok furgoneta banatara loturik, airean joan dira. gure pankarta guztiak kareletan eskegitzea erabaki dugu. Bat, hebraieraz idatzia. Horrez gero Aura Imperialeko guztiak ontzia ikustera etorri direlakoan nago. Azkenak, hogeitamarren bat, aldarri egin digute. Nago hebraieraz idatzitakoak eman diela minik handiena. Hortik aldarriak eta irainak. Ez dakizue ezer! Sionisten ohiko leloa.

Willyk erabakitsu erantzun die. Esan dituenak, beste baterako. Tentsioak gora egin du, harik eta euren hotelera itzultzea erabaki duten arte. Turismo Sistema ez da onuragarria. Ez eta beren gotorlekutik hilabetez Kretako hotelera etorrita ere. Osorik erosten ez baldin badute behinik behin. Iralari Sion Berria izena eman liezaiokete. Ez dakit Bigarrena edo, Hirugarrena edo, ze azken batean, zer da Israel Naziorateko Enpresaz dakidana? Eta Palestinaz?

Ustekabean harrapatu gaitu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo