GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ezker Batua: indar zatitua, labankadaka odolustua

Arabako ahaldun nagusiaren hautaketarako negoziazioetan EBk izan duen jokabide lotsagarriak bi ondorio utzi ditu: eskuin espainiarrari Araban botere osoa oparitzea, eta euskal politikan indarrean den «boto salerosketaren» praktika baieztatzea. Jakina da nork ordaindu eta zer erosi nahi zuten, jakiteke dago bestelako ordainketa eta erosketak egon diren. Edonola ere, EBren barruan, berez, jada egina zen zatiketa horren eztanda azkartu du zabarkeria horrek guztiak. Madrazistak eta aranistak, batzuk besteak kanporatzen, barne egiturako organoen batzarrak paraleloki deituz... espektakulu itsusia. Zatiketa iragarrita dago, sorpresarik gabeko sorpresa da krisi honen azken emaitza.

Zatiketak ez dira gertakari berria Ezker Batuarentzat. Baina oraingoak baditu bi ezberdintasun. Boto-emaileen konfiantzari traizio mingarria egin izana, luzaz jarraituko dien itzal baten zama; eta Euskal Herrian bizi den aro berriak berarekin dakarren mapa politikoaren eraldaketa erabatekoa. Arabakoa gertatu izan ez balitz, edo gertatu eta beste hainbatetan legez, sekretuen kutxan gordeta geratu izan balitz ere, EBk zaila zuen bere birkokapena. Espazioak argitu dira eta atomizazioak ez du zentzurik. CDN edo Hamaikabat alderdiek bezala, EB eta beste batzuek zaila dute korrontearen kontra igeri egitea.

Edonola ere, barne labankadaz odolustuko dela dirudi. Agur triste baten kronika idazten hasia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo