Urak banatzen dituenak batzen
Txalupan bidaiatzea jostagarria, ikaratzekoa edo egunerokotasunean lanera joateko modua izan daiteke, erabiltzailearen beraren arabera. Dena dela, ez dira sasoi batean bezain ugariak gisa honetako garraiobideak, ezta betetzen duten jardueraren helburuak ere. Aldatuta, baina oraindik ere ikus daitezke halakoak kostako hainbat txokotan.
Mikel PASTOR - Odei IRIGOIEN | BILBO
Ia-ia historikoa den ogibidetzat jo daiteke lur zati bi elkartzen lan egiten duten lemazain, patroi eta marinelen lana. Garai batean, leku askoren arteko lotura egiteko modu bakarra ziren, ibaian gora tarte luzez egin beharrik izan gabe. Zubi lanak egin izan dituzte eta egiten dituzte.
Gaur egun, garraio publikoak, norberaren autoaren erabilerak eta eraiki diren zubiek lan ontzi hauen jardueraren eskaeran eragin nabarmena izan dute. Egungo mugikortasun ereduan apenas dute tarterik ibaia alde batetik bestera zeharkatzeko eskain daitezkeen uretako zerbitzu horiek; baina herritar batzuentzat oraindik ere eguneroko garraiobide izaten jarraitzen dute.
Hala ere, birziklatu egin behar izan dute euren lana eta helburua, eta nagusiki herritar eta langileen zerbitzu izatetik turista eta bidaiarien garraio izatera pasa dira, «baita haur askoren gozamenerako» baliabide ere. Zeinek ez du egin, izan ere, irteera Pasaiara, bertako txalupan ibilaldia egiteko?
Bitxikeria edo eguneroko premia
Jende gehienarentzat bitxikeria da ur gaineko bidea egitea, eta harridura, beldurra, jakin-mina edo ikusgarritasuna bezalako sentipenak sorrarazten dizkie. Beste batzuentzat oso ohikoak dira, ordea, goizero lanera joateko ezinbesteko baliabideak.
Zubi lanetan diharduten langileei dagokionez, batzuetan familia tradizioa da, belaunaldiz belaunaldi bizibidea ateratzen lagundu dien ofizioa, alegia. Eta diru saria ez ezik, horrekin ordaindu ezin den gogobetetzea ere ematen diena. Zenbaitentzat aldiz, lan bat da, beste lan askoren aje berak izan ditzakeena. Baina denentzat da beste lan batzuek ez duten xarma gorde duen jarduera.
Hendaia eta Hondarribia, Pasai Donibane eta Pasai San Pedro, eta Portugalete eta Algorta lotzen dituzten garraiobideak dira ontzi bidezko joan-etorrien adibideetariko batzuk. Tradizioz datorkiena; agian, datorren belaunaldiei igortzea lortuko ez duten ofizioaz mintzatu dira.