GARA > Idatzia > Kultura

Kate motzean: ABEL BARRIOLA

«Memoriaz fidatzen naiz, baina zenbait tokitako argazkirik ez izanaren damua daukat»

p048_f01.jpg

Abel Barriolak ez du udan atseden hartzeko beta handirik; egindako bidaiez galdetuta, ordea, burura datorkio Brasilgo Salvador, bertan «mundu honetan dagoen beste mundu bat ezagutu izanaren sentsazioa» izan zuelako.

Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?

Aktibitatea.

Eta zein usain iradokitzen dizu?

Basoaren usaina, usain basatia.

Udako egunak ala gauak nahiago? Eta zertarako?

Biak ditut maite; eguna mugitzeko, bizi sentitzeko, eta gaua isilpean bakea sentitzeko.

Hondartzan eguzkitan ala itzaletan ahal bada?

Eguzkitan, behar den bezala azala babestuta.

Hondartzan ala mendian, MP3a edo irratia?

Ni mendikoa naiz, eta mendian ez MP3a ez irratia; mendian, mendia.

Egunkaria ala liburua?

Biak, kafea hartzen egunkaria eta gauean liburua.

Bainua hartzeko itsaso bare-barea ala aztoratuxeagoa?

Ura aztoratuxeagoa nahiago.

Oporretan erabat deskonektatuta edo herrian zer gertatzen den zeharka begira egotea gustatzen zaizu?

Oporretan deskonektatzen saiatzen naiz, baina gehienetan ez dut lortzen.

Telefonoa beti ondoan ala noizean behin pizten duzu?

Momentu puntualak kenduta, mobila beti ondoan dudala egoten naiz.

Inora oporretan joaten zarenean guztia ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu ala inprobisatzen ibiltzen zara?

Inprobisazioz; hori bai, urruti dagoen herrialde batera banoa, hango kontakturen bat edukitzea gustatzen zait.

Maleta handiarekin ala txikiarekin?

Maleta handia, arropa asko eramateko ohitura dut.

Argazki makinekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?

Memoriaz fidatzen naiz, nahiz eta momentu edo toki batzuetako argazkirik ez izanaren damua dudan.

Egindako oporraldi bereziena?

Brasilgo Salvadorrera (Bahia), mundu honetan dagoen beste mundu bat ezagutu izanaren sentsazioa.

Egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Siberiako estepa edo berau zeharkatzen duen transiberiar trenean bidaiatzea.

Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?

Sanferminak.

Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?

Punk musikako batzuk, 8. mailako ikasbidaian eta uda horretan; lehenengo zerbezak, lehenengo neskalagunak... musika hori gustatzeaz gain, gizontxoagoak egiten gintuela iruditzen zitzaigun.

Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?

Azkenengoa adibidez, «El Chino».

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Eguraldiak goibel hasiko du eta egunean zehar zeru urdina nagusituko da, iluntzean arrats gorri izeneko fenomeno zoragarriaz gozatzeko aukera izanen dugu euskaldun guztiok.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo