Egia argitzeko, erakundeen inplikazio aktiboa eskatu du Sos Bebes Robados elkarteak
Lapurtutako haurrak non dauden jakiteko beharrezkoak diren agiriak eskuratzeko, erakundeek oztopoak baino ez dituztela jartzen salatu du SOS Bebes Robados elkarteak. Egia argitzeko «borondatea» exijitu dute.Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
«Ez dugu hitz politik nahi, ezta bizkarrean txalo bana ematea ere. Borondatea, ekintzak, arazoari irtenbidea emateko urratsak nahi ditugu erakundeetatik», zioen SOS Bebes Robados elkarteko Marian Zubiak atzo, Donostian, beste berrogeita hamar bat kiderekin batera epaitegi aurrean egindako elkarretaratzean. Kideen artean, azken ilaran jarrita, babesa erakustera bertaratu zen Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea. Hain zuzen, datorren ostegunean udaletxean biltzeko dei egin die alkateak. Egun bat lehenago, Donostiako Apezpikutzarekin egingo dute.
Lapurtutako haurren ehunka eta ehunka kasu argitze aldera -zifra etengabe handituz doa-, inoiz ikusi gabeko semearen eta alabaren jaiotza, baita kasu askotan norberarena ere, egiaztatzen duen dokumentazioa eskuratzeko bidean zailtasunak baino ez dituztela topatzen salatu zuen Zubiak denen izenean. Eta oztopo horiekin zerikusi handia dute erakundeek, haien aburuz ez baitituzte erraztasunak jartzen. «Txotxongiloen moduan ibiltzen gara artxiboz artxibo, erregistroz erregistro. Dena ezezkoak dira. Ez gara panpinak», gaineratu zuen.
Lapurtutako haurren kasuak hamarkadetan zehar jazo diren arren -azkenak, Anadir elkarteak dioenaren arabera, 1997an gertatu ziren Donostiako Ospitalean eta Barakaldoko Gurutzetan-, Zubiak atzo adierazi zuenez, 1975. urtea baino lehenagoko abortuen agiriak desagertuta daude, eta dokumentu hauek ezinbestekoak dira, haurren jaiotza egiaztatzeko eta salaketa jarri ahal izateko froga gisa erabiltzeko. Baita «konjurazio honen ezkutuko kontuak argitaratzeko» ere.
Agiriak oso baliotsuak dira, beraz, horiek ziurtatzen baitute haurra jaio zela; horiek eduki ezean, ezin dute bidean aurrera egin.
«Non daude paperak? Nork egin zuen haien lekualdatze hura? Nork egin zuen erregistroa? Eta txarrenera jota, nork desagerrarazi zituen agiriak?», galdetu zuen Sos Bebes Robados elkarteko Argiñe Lopezek.
Agiriak egon, badaude
Dokumentuak ez existitzea legez kontrakoa dela gogorarazi zuen Zubiak, eta ohartarazi zuen ezin direla «ez bota, ez suntsitu». Derrigorrezkoa da, beraz, agiri horiek guztiak erregistroetan gordetzea. «Nire ustez dokumentu horiek existitzen dira, baina non egongo ote diren ez dakit». Bizkaian eta Araban paper horiek guztiak eskuratzeko arazorik egon ez bada ere, Gipuzkoan egoera guztiz bestelakoa da.
Aipatutako arazoekiko Lakuak izan duen «interes eza» salatu zuten halaber, «alferrik izan baitira Eusko Legebiltzarrari, Lakuako Giza Eskubideen Sailari eta Idoia Mendia andreari luzatutako eskakizunak». Gogorarazi zutenez, «alferrikako» bilera horietan abortuen agirien desagerpena ikertzeko eskatu zuten. Erakundeek azaldu zietenez, agiriak Donostiako justizia jauregiaren egungo kokalekurako -Egia auzoan- leku aldaketan galdu ziren.
Desde setiembre, los vecinos de Irala y Torre Urizar de Bilbo han contabilizado que cada semana ocurren al menos dos atracos. Los atracadores lo hacen con violencia y la mayoría de sus víctimas son mujeres mayores. Ayer, realizaron una concentración para exigir una mayor seguridad ciudadana.
Osasun arlokoek ere laguntzea nahi du elkarteak. «Ez gaude medikuen aurka, inplikatuta daudenen aurka baizik». Horien elkartasuna espero dute, «bihozberatasun hutsagatik» baino ez bada ere.
Estatu mailan, Gipuzkoa da kasu gehien salatu dituena. Batez beste, egunero hiru kasu berri atzematen dira, eta dagoeneko 270 salaketa daude. Horietatik 108 heldu dira epaitegira. Gainontzekoak, agiriak ezin bildu dabiltza.