GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Gure ordua

Markel IRIZAR
Radio Shack taldeko txirrindularia

Atzo Txurru txikiaren zutabea irakurri zenutenok, konturatuko zineten, on aurpegia duen artista horrek sistemaren kontra joan, eta alde «anarkista» bat duela batzuetan. Gustura ikusiko nuen, gure Txurru, bere kafearekin eta egunkariarekin, zunda oraindik ere jertse azpian zuela! Ospitaletik etxeko zapatilatan ihes egitea bakarrik falta zuen, trastada guztiz borobila egin zezan! Ederra aliketa!! Eta Txurruk, pixka bat alde anti-sistema ateratzen badu noiz edo noiz, Irizarrek, Ametsek esan ohi duen bezala, bere alde «gutar-gutarra» ateratzen du.

Dubai, Ingalaterra eta Ameriketako gonbidatuak etorri, eta nondarra naizen galdetzen didatenean, «Basque Country»-koa naizela esaten diet. Gure gastronomia, mendiak, hondartzak, kultura, eta abar zein ederrak diren esaten diet, baina gure altxorrik ederra zein den, Tourmalet eta Luz Ardideneko magaletan ulertu dute. Euskaldunok dugun gauzarik onena, ezbairik gabe, gure jendea da. Beste behin, txalotzekoa izan da euskal zaleek emandako erakustaldia. Lehenetik azkenera arte txirrindulari guztiak animatuz, eta gizalegez jaiaz gozatuz.

Uztailak 14, frantsesen jai eguna da berez, baina gaurkoan euskaldunon jaia bihurtu da. Eta jai hori borobiltzeko, Samuk marea laranjako kide guztiei etapa garaipen eder bat eskaini die. Sufritu arren, ikaragarri gozatu dut gaurkoan. Horretxegatik, orain baino gazteagoa eta «makarragoa» nintzeneko lelo batekin uzten zaituztet: Euskalduna naiz, eta harro nago!

Zorionak Samu, zorionak Euskal Herria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo