GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

PILOTA Enpresak

Pilotan jarraitzeko beste aukera bat da Egur Sport

Fernando Arretxe, Arbizu edo Gorriti izango dira enpresa arabarreko ikur nagusiak; baina taldean pilotari onak dituzte, eta Garferekin duten hitzarmena dela-eta, pilotariak trukatzen dituzte.

p034_f01.jpg

WALTARI-KURUTXARI 40
LARRETXEA-EZKURRA 27

Jon LEUNDA

Egur Sport enpresa ezaguna da kirol munduan, beraiek antolatzen dute, besteak beste, Urrezko Aizkora, eta horren inguruan lehiaketa ugari antolatzen dituzte; baina aizkoraz gain, pilota arloa ere badute eta pilotari profesionalak ere bai.

Gaur egun Fernando Arretxe, Arbizu, Gorriti, Beloki II.a, Mikel Rafael, Uriarte, Berasaluze IX.a, Velasco, Fuertes eta Jaio dira enpresako pilotariak. «Horiez gain, Garferekin akordioa daukagu pilotariak elkar trukatzeko, eta gurekin ere jokatzen dute bai Goñi II.ak, Goñi III.ak, Eugik, Eulatek, eta gainerakoek», dio Luix Mari Bengoak, taldeko arduradunak.

Fernando Arretxe beteranoa da taldeko ikurretako bat: «Gainerakoentzat eredua da. Oraindik pilotaleku txikietan asko jokatzen du. Joaten den lekuetan gainera, jende asko inguratzen zaio. Partidaren amaieran sinadura asko sinatu behar izaten ditu, denontzat da eredua», esan du Bengoak.

Guztien artean, bada, ordea, jarraitu beharrekoa den bat. «Gorriti jarraitu beharreko pilotaria da. Bai Aspen, bai Asegarcen nahiko maila handian jokatzeko pilotaria da. Gurekin Besagainen aritu zen lehen, eta ondoren Frontisen ere aritu da, eta uste dut oso maila onean dagoela», azaldu du.

Afizio handia

Egur Sporten lehentasuna aizkora da, baina pilotak ere garrantzi handia dauka. «Betidanik aritu izan gara pilotaren inguruan, eta hori orain ere mantentzen dugu. Urtean zehar partidarik gehien Araban jokatzen ditugu, eta gero Errioxan, Nafarroan, Kantabrian edo Gaztela Leonen ere antolatzen ditugu. Geure mailan ahalik eta jaialdirik politenak antolatzen saiatzen gara», esan du Bengoak. Hori bai, partidarik gehien udan izaten dituzte. «Gainerakoen parean gabiltza. Neguan oso zaila da jaialdiak antolatzea, eta gehienak udan izaten ditugu», dio Luis Marik.

Gaur egun ari diren beste hiru enpresekin duten harremana ona dela nabarmendu du Luis Marik. «Garferekin primerakoa da, pentsa pilotariak elkarrekin trukatzen ditugu; beraz, hor gauzak ongi doaz. Asegarcerekin eta Asperekin ere ez daukagu inongo arazorik, denok ongi konpontzen gara», dio.

Une honetan jokatzen ari diren lehiaketa Arabako Irekia da. «Arabako Federazioarekin bat eginda ari gara lanean. Profesional bat eta amateur bat uztartuta ari gara jokatzen Araban zehar, eta oso onuragarria da», esan du arduradunak.

Bertso-pilota ere antolatzen dute, bertan pilotariek bertsolari bat izaten dute botilero. «Bertako kultura eta kirola uztartzea beti izan da gure asmoetako bat», dio Egur Sporteko arduradunak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo