GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteriak «aldaketa politikorako belaunaldia» dela azaldu du Baionan

Parisi bere parean borondate irmoko herri bat duela erakusteko, manifestazioa deitu zuen atzo Segik Baionan, Uztailaren 14aren harira antolatutako ekimenetan azkena. Gazteriak panorama politikoan eragiteko duen eskubidea aldarrikatu zuen, euren «lekua» badutelako.

p013_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Uztailaren 14an Estatu frantsesean egin ohi diren ospakizunekin desadostasuna adierazteko, Segiren deialdiari jarraiki ia berrehun gaztek manifestazioa egin zuten atzo, Baionan. Azaldu zutenez, atzokoa ez zen «frantsesei zuzendutako eraso bat, Uztailaren 14ak irudikatzen duen sinboloa errefusatzea» baizik.

Herriko etxearen aitzineko plazan bildu ziren eta han bertan azaldu zuten, polizia agente ugariren presentziarekin, bere mezuaren mamia, manifestazioari ekin baino lehen. Ondoren, Alde Zaharrera zuzendu ziren, Gaztelu Zaharrera heldu arte, bertan baitauka egoitza armada frantseseko paraxutisten errejimentuak (RPIM).

Estatu frantsesean zein espainolean preso dauden «lagun guztiei, beraien familiei eta ihesean direnei ere, besarkada beroenak» igorrita, atzokoa, Parisi «bere parean herri determinatu bat duela erakusteko» ekimena izan zela nabarmendu zuten.

Bi estatuen «menpe etorkizunik» ez dutela adierazteko hainbat adibide emanda, «aldaketaren motorra» izateagatik jazartzen zaizkiela argitu zuten: «Bi estatu zapaltzaileek ongi ulertu dute gaur egun marrazten ari den aldaketa politiko eta soziala aurrera eramango duen belaunaldia garela».

«Beste eredua»

«Beste eredu batean oinarritzen den Euskal Herria amesten» dutenez, proiektu politikoa eta arloz arloko alternatibak lantzea lehenetsi behar dutela esan zuten.

Ildo horretan, «Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa amaitzeko, gure herriaren ezagupena, tresna propioak, berezko instituzio eta legeak, euskararen ofizialtasuna eta lurra kudeatzeko neurriak» erdiestea ezinbestekotzat jo zuten.

Proiektu ezkertiar eta abertzalea defendatzeagatik «kolpatzen edota terroristatzat» hartzen badituzte ere, beren borrokaren zilegitasuna aldarrikatu zuten: «Guk ere eskubidea dugu panorama politikoan eragiteko, gure tokia badugu». Azken hilotan ezker abertzaleak abiatutako prozesu demokratikoa «atzeraezina» dela gaineratu zuten: «Gure proiektu politikoa garatu ahal izateko, normalizazioaren garaia ireki behar da, eta Hegoaldean zein Iparraldean, tren hori hartu behar dugu, errealitate desberdinak eduki arren, herri eta populu bakar bat garelako».

«Elkarrekin borrokatuz eta eraginez», mobilizaziora dei egin zioten euskal gazteriari.

KANPAINA

Mobilizazioak amaitu zuen Uztailaren 14aren karietara Segik antolatutako kanpaina. Azken asteetan, gazte erakundeak hainbat ekimen burutu ditu «Euskal Herria Frantzia ez dela» aldarrikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo