GARA > Idatzia > Kultura

Poesia modernoaren bideetan murgilduko da Ea hiru egunez

Zortzigarren urtez, Eako Poesia Egunak ospatuko dira gaurtik igandera bitartean. «Berban gora iturria. Poesia modernoaren bideetan» izango da aurtengo leloa eta, Aresti eta Montoia mugarri hartuta, errezitaldiak, antzerkia, musika eta beste hainbat ekintza izango dira.

p055_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Gabriel Arestik, dagoeneko gaixorik zela, bere azken urteak Ean eman izanak «zorretan» utzi zituen bertako biztanleak. Sentimendu hori utzi zieten behintzat eta, ordainetan, zortzigarren urtez Eako Poesia Egunak antolatu ditu Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak.

Gaur hasi eta igandera bitartean, dagoeneko euskal poesiaren urteko hitzordu garrantzitsuena bilakatu den honetan, poesia modernoa «ikusi, irakurri, aztertu, gozatu eta eztabaidatu» ahal izateko aukera egongo da, Asun Landa antolatzailearen esanetan. Izan ere, «Berban gora iturria. Poesia modernoaren bideetan» izango da aurtengo leloa eta Arestiren ostetik 80ko hamarkada bitartean egindako poesia izango da jardunaldien ardatz.

«Arestiren eta poesiaren erakusleiho txikitxo bat izan nahi genuen, gure xumetasunean eta txikitasunean. Astiro-astiro, erreferente bat bihurtu da, sendotu egin da eta ezagunagoa da mundu literarioan», azaldu zuen Landak. Bere esanetan, ezjakintasuna dago poesiara hurbiltzen ausartzen ez direnen artean eta deia egiten du ezagutu eta Eara beldurrik gabe hurbil daitezen. «Poesia guztion bizitzetan dago nire ustez. Hitz potoloa dirudi, ematen du XVIII. mendeko zerbaitetaz ari garela... Eta ez, poesia egunerokoa da, denok behar duguna, kalean dagoena eta bizitzari lotuta dagoen poesia. Bakoitzak aukeratu behar du berea, bere sentimenduak interpretatzeko balio duena», esan zuen.

«Zuzenbide debekatua»

Arestik 1961ean idatzi zuen «Zuzenbide debekatua» baina 1986an Susak argitaratu arte itzalean egon zen. 50. urteurrena ospatuz, obra hau izango du oinarri gaur arratsaldean programazioa abiatuko duen ekimenak. Hitzaldi-errezitaldi formatuan, Gorka Arresek gidatuta, Fito Rodriguez eta Karmelo Landa izango dira hizlari eta Oier Guillanek eta Asier Sarasolak errezitatuko dituzte poemak, 19.30ean udaletxean.

Bihar 10.30ean, Beñat Sarasolak «Harrietatik anfetaminetara: 20 urte euskal poesian» hitzaldia eskainiko du. Arestiren «Harri eta herri» (1964) poema liburutik Xabier Montoiaren «Anfetamiña» (1983) liburuaren arteko euskal poesiaren urteak aztertuko ditu. 13.00etan, berriz, Miren Agur Meabe Talaian izango da «Bitsa eskuetan» errezitatuz.

Bazkariaren ondoren, Joseba Tapiak «Eta tira eta tunba» kontzertua eskainiko du 18.00etan, eta 22.00etatik aurrera musika ere presente izango da Jon Benito, Mikel Etxaburu, Elena Medel eta iaz zendutako Karmele Igartuaren poemen errezitaldian. Larunbat gauerako, irrati-performancea iragarri dute, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziaren eskutik.

Igande goizean, berriz, «Txindurriak eta arrosak: nire poetikaren bila, bost emakume poetaren bitartez» hitzaldia eskainiko du Elena Medel kordobar idazle gonbidatuak. 13.00etan Maddi Oihenarten kantaldia izango da, eta bazkalostean, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak «Zer egin poema batekin» errezitaldi antzeztu eta musikatua egingo dute Ermintxo hotelaren atzealdean.

«Zaldiarri 1»: Anari eta Aranbarri

Poesia ez dago paperean soilik, musikan dago, antzezpenetan... Eta Ean guztiak du tokia. «Esperimentaziorako joera ere badaukagu. Ahalegintzen gara modu esperimentalean gauza bereziak egiten dituzten sortzaileak gonbidatzen», aitortu zuen Asun Landak. Urtero bada artistaren bat Earako espresuki zerbait prestatzen duena. Iaz, esaterako, Iñigo Aranbarrik eta Anarik «Giza materialak irla izateko» ikuskizuna eskaini zuten itsasoari begira. Une hori memoriaren menpe soilik gera ez dadin, testu haiek paperean argitaratuko dituzte aurten. Horretarako, urtero errepikatzeko asmoa duten bilduma berri bat sortu dute, Aranbarriren proposamenez Zaldiarri deitu dutena. «Hondartzan bertan, itsasbehera dagoenean, haitzulo bat ikusten da -azaldu zuen Landak- eta hor behor eta zaldi buruak haitz eginda, fosilizatuak agertu ziren. Madrilera eraman zituzten eta hango museo batean daude». Diseinua Erramun Landaren esku egon da. Horrez gain, «Harrikadie» aldizkaria ere argitaratuko dute, egitarau eta bestelako xehetasunekin.   A. A.

50 URTE

Gabriel Arestik 1961ean idatzi zuen «Zuzenbide debekatua», gaurko hitzaldi-errezitaldiaren ardatz izango dena. Fito Rodriguez eta Karmelo Landak hitz egingo dute Gorka Arresek gidatuta eta Oier Guillan eta Asier Sarasola arituko dira errezitatzen, 19.30etik aurrera udaletxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo