Kronika | Gernika itsasuntzitik
O'clock
Iratzargailua aktibatu dudan lehen eguna. Telefono aparai- luaren baitakoa. Hemengo zazpi eta erdietan jo du. Orain arteko ordu luzeenen zain, gosariari ekin diot. Bakarka. «Gernika» ontziko eskifaiak lotan segitzen du.
Atzo Portu Agintaritzak gaurko zortzietan edo bederatzietan, «o'clock!», etorriko zirela agindu zigun. Errutina hutsa, esan ziguten. Ontzian sartu dituzuen berrikuntzak ikusi, ziurtagiriak sinatu eta hamaiketarako dena konponduta izango ei genuen. Zortziak «o'clock» duela hamar minutu joanak, bederatziak «o'clock» horretan etorriak ba ote diren nago, pittin bat urduri. Betikoa ba. Ote eta ei, ei eta ote, zalantzan. Eta hara. Portuko agintariak nasan! Zortziak eta hamalau dira.
Manu! Gora! Zer? Portukoak. Non? Nasan! Bizkor jaiki da ontzia bere izenean duen gizona. Iaz «Mawi Marmara» ontzian sionistek eragin zituzten heriotza zitalen lekuko zuzena.
«Kalimera», egun on. Etorri direnei, ontzian sartzeko. Lehena, zuriz jantzia. Ba, itsasoko militarren uniformeak, zer dela eta dira zuriak? Horrelakorik janzten duena inoiz ezertan zikintzen ez delako edo.
Eta zergatik dira azulak haren mendekoenak? Horiek bai, zikindu egiten direlako edo. Eta etorri den hirugarren gizona, eta laugarrena ere, zer dela eta datoz kalekoz jantzita? Benetako aditu bakarrak direlako edo. Lau gizon, eta ez bakarka. Eta gure kapitaina? Mariari bila joateko agindu diot. Nasatik gertuko hotel txikian egiten baitu lo. Ikusten da ba.
Unetxo batez «Gernika» ontzian neu jaun eta jabe. Zorionez kapitaina behingoan iritsi da. Aginkoi. Azulari «out!, out! out!» aldarri egin dio. Ontziko gune babestutik alde egiteko. Obeditu egin dio. Greziarrak irlandarrari. Nik ere bai.
Idazteko mahaitzat erabiltzen dudana, izatez, sotoetarako sarrerako estalkia da. Ba hortik ordenagailua kentzeko keinua egin dudalarik, kapitainak «no, no, no!» agindu. Eta obeditu nik. Eta berak gero punpagailua abiarazteko eskatu dion Azulari. Ez dabil! Utzi hori, aingurak? ikuskaritza zorrotza izaten ari da.
Oi gure Alexandro aspaldikoa, orain «Gernika» den berrogeita hiru urteko burdina gaztea. Salbamenduko txalupak izena aldatu barik? Salbak idatzi dio. Errotuladorez. Gernika. Gurea bai burua.
Hilabete herenegun amari izena aldatu zitzaiola, umea zurtz bezala eduki dugu. Ez da azken eragozpena izan.
Paperak, paperak, paperak, denetariko paperak bete ditugu, eta sinatu. Halaxe joan dira, karterak polito beterik. Ez dakiguna da zer dela eta geratu garen kanpoko elektrikarik barik. Kapitaina hara eta hona dabil. Abiatzekotan ei gara. Telefonoak sutan. Enbaxadako kideek gose grebari utziko diotelakoan gara. Prentsaurrekoa horko hamabietan Madrilen. Horixe adierazteko, besteak beste.
Horren ostean, «Gernika» ontziari beste izaera bat eman gura diogu. Gure arnasaz putz eginez, Bibliako alegiazko jainko hark buztinari bezala hats emanaz burdinari. Ez dakigu sortu gura dugun burdinazko izaki berria gu gizaki arruntok bezain zorigaiztoko ez ote den jaioko. Agian ez. Kasik akats huts baino ez garen gizakion hatsa erre egiten da eta, hatserre barik putz egitea izango da gakoa. Kriptikoegia?
Ontzietan ibiliak zaretenok ondo dakizuen legez, ez da erraza egunero hemen barruan eustea. Bata bestearekin ez haserretzea. Madarikazioka ez hastea. Coleridgen harako Marinel zaharraren baladakoa bezala. Ez gara horren itzultzailearen bila abiatuko. Ez gara Rimbauden Ontzi horditua. Etxerantz jo nahi dugu egin. Albait bizkorren. «O'clock» egongo ote naizen ez dakidan arren, bihar arte.
Oharra: Arazo teknikoak zirela medio, atzo ezin izan genuen atera joan den asteazkenari dagokion Edorta Jimenezen kronika hau, eta atzerapenak atzerapen, gaur argitaratu dugu.
Edorta JIMENEZ Idazlea