Xabier Izaga Irakaslea
Ikusi nahi ez duten itsuak
Herri honetan zegoen indarkeria bakarra ETArena zela gezur hutsa bezain egia biribila da azkenaldion indarkeria bakarra dagoela, eta indarkeria hori ez da ETArena, hain zuzen.
Ezker abertzaleak denbora laburrean ikusi du bere estrategia berria zuzena dela. Zenbait indar politikok bat egin zuten estrategia horrekin, euskal gizarteak bere oniritzia eman zion, haren zati handi batek, gainera, bere sostengua ere bai, eta nazioarteko agendetan bere lekutxoa egiten hasi da. Hori guztia ote da Iñigo Urkulluk aste honetan aipatu duen «derrota»? Estrategia armatua garaitua izan da, bai, ezker abertzaleak berak eztabaida bidez gainditua, eta horrexek jarri zuen Estatu espainola beldurrak airean. Beldur horrek bultzatuta eta estrategiarik gabe, Estatu espainolak -eta frantsesak, beti ere protagonismoa lehenari utzita-, Euskal Herrirako demokrazia eta bake agertokia saihestea du helburu nagusia, eta horren zerbitzuko jarri ditu bere aparatu guztiak. Ez da gutxi: Gobernua, oposizioa, Polizia, tribunalak... Baina aurrean ez du erakunde armatu bat, gizarte bat baizik, agertoki hori nahi eta behar duen gizartea.
ETAk lehengoan plazaratu zuen agiriak eragin zituen erreakzioak entzunda, ordea, eman lezake erakunde armatuak bere su-etena eta agertoki horren aldeko apustu sendoa berretsi ordez, borroka armatuari heltzeko asmoa iragarri zuela. Patxi Lopezek esandakoak horrelako zerbait adierazi nahi zuen, alferrik baina. Ez, Lopez jauna, euskal herritarroi ez digu berdin hiltzen duen ETA batek zein hiltzen ez duen ETA batek. Badira, ordea, hiltzen duen ETA bat nahiago dutenak, estrategia politikorik ezean, nahikoa estrategia lukete-eta «terrorismoaren aurkako borroka», eta proiektu politiko bat ezabatzeko helburua ez litzateke hain argi agertuko. Ez dut esango horiek indarkeria eta errepresioa gustuko dituztela, baina aukeran ez dute zalantzarik. Casinello jeneralak bezala, gerra nahiago dute inoren eskuko izango ez den Euskal Herria baino. Edonola ere, esan bezala, eta besterik sinetsarazi nahi diguten arren, aurrean ez dute erakunde armatu bat, herri bat baizik.