GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

1936ko uztailetik 2011ko uztailera

Frankismoaren sukaldean egosi ziren gaur egungo ideia asko. Frankismoaren administrazioan eta politikagintzan bizi izan ziren gaur egungo Nafarroa eraiki zuten «demokratak»

Bereziak izan ziren 1936ko sanferminak. Rafael Garcia Serrano bertako falangistak aipatu zituen «Plaza del Castillo» liburuan. Batzuk espainiar Errepublikaren hondamendia prestatzen ari ziren, parranden artean. Egun gutti pasata, odol isurketa erraldoia abiatu zuten, Espainia, Jainkoa eta erregearen izenean. Eta, Nafarroaren defentsan, nola ez!

Argi dago Nafarroan 1936ko uztailetik aurrera gertatutakoa genozidioa izan zela, biztanleen ehuneko bata baino gehiago akabatu baitzuten errepublikaren kontran altxatutakoek. Nafarroan, gainera, ez zen gerra mailako gatazkarik egon, armarik gabeko pertsonen asesinatoa baizik. Elizaren babes eta bedeinkapenaz egindako asesinatoak, ez dezagun ahantz!

Asesino horiek guziak errugabe gelditu ziren. Asesinoak, laguntzaileak, bortxatzaileak, lapurrak, ustelak, krimen hauen babesleak, bultzatzaileak, justifikatzaileak, krimen hauei esker aberastu zirenak. Zerrenda aski luzea da eta ezinbestekoa dugu aintzat hartzea gaur egungo Nafarroa ulertzeko. Krimen horien gainean eraikita dago Navarra foral eta española. Genozidioari esker nagusitu zen eredu hori, ezkerra eta abertzaleena indarrez baztertu zituztelarik. Isuritako odolean oinarritzen da Nafarroa ofizialaren indarra. Haiek bezala pentsatzen ez zutenen kontrakoen krimenetan, hots.

Hamarkadetako diktadura izan zuten, genozidioaren ondotik, garbiketa ideologiko eta politikoa borobiltzeko. Frankismoaren sukaldean egosi ziren gaur egungo ideia asko. Frankismoaren administrazioan eta politikagintzan bizi izan ziren gaur egungo Nafarroa eraiki zuten «demokratak».

Eta horiek dira, trantsizio ustel eta zikin baten bidez, Nafarroa lotuta gorde zutenak. 1936ko faxisten egitasmoaren araberako Nafarroa baita Foru Hobekuntzak babesten duena. Miguel Sanz edo Barcinaren ahotan entzuten ditugun mezuak zaharrak direlako, «Diario de Navarra»-n 1917tik aurrera nagusitu zirenak, Primo de Riveraren diktaduraren garaietan Unión Patriótica izeneko alderdiaren idazkietan agertzen zirenak, 1936ko kolpearen sustatzaile izan ziren Garcilaso eta Victor Praderarenak, Francoren garaietako nafar agintarien ildo ofiziala, Franco hil ondotik diktaduraren magaletik ateratako Aizpun eta Del Burgorenak, finean.

Gaur egun Nafarroan nagusi den botere egitasmoaren DNA horixe da, espainiar nazionalismo erasokor, faxista eta kriminalarena. Autokritika sakonik inoiz ere egin ez duena. Joko demokratikoa zer den ez dakiena.

Gauzak aldatu dira 1936tik. Oraingoan, ez dute estatu kolpe bat abiatu Bilduren emaitzen aurrean, orduan Fronte Popularraren emaitzen aitzin egin bazuten ere. Ez dute odol isurketa abiatu. Agian, norbaitek sinetsi nahi izanen du demokrata bilakatu direla. Ni ez naiz hain optimista. Argi dago ez daudela 1936ko jarrera berean, baina, batez ere, bistan dago ezin dutela formula bera erabili. Baina orduan bezala, orain ere ez dute herriaren erabakia onartzen. Eta ez diote herriari galdetu nahi. Luze eta zabala da, oraingoz ere, 1936ko kriminalen itzala!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo