TXINTXARRI SARIKETA Alegia
Harri-jasotzaileak eta korrikalariak batuta arituko dira
Hiru harri-jasotzailez eta korrikalari batez osatutako bi talde neurtuko dira. Lau harri ezberdin erabiliko dituzte eta harritik harrira korrikalaria arituko da.
Jon LEUNDA
Urtero bezala, aurten ere jokatuko da Alegian Txintxarri sariketa, gero eta indar handiagoa hartzen ari den lehiaketa. Antolatzaileek urtero zerbait berria sartu nahi izaten dute, eta aurtengo berrikuntza nabarmenetako bat harri-jasotzaileen taldean korrikalari bat arituko dela izango da.
Bi talde izango dira, hiru harri-jasotzailez eta korrikalari batez osatutakoa, eta guztira harriarekin 300 jasoaldi eman beharko dituzte, eta korrikalariak, berriz, 6.000 metro egin beharko dituzte korrika.
Talde batean, Irigoien, Telleria II.a eta Bertiz harri-jasotzaileak izango dira, eta horiekin batera Agirresarobe korrikalaria. Beste taldean, berriz, Izeta II.a, Izeta III.a, eta Izeta IV.a arituko dira harriak jasotzen, eta Juan Mari Garin, korrika.
Harri-jasotzaileek 125 kiloko kopari 75 jasoaldi eman beharko dizkiote, 112,5 kiloko kubikoari 65, 100eko zilindro zaharrari 90 jasoaldi, eta pisu bereko bolari 70. Harri bakoitzarekin txanda librean arituko dira harri-jasotzaileak. Harri bakoitzarekin lanak amaitu ostean, korrikalariak Larraitz auzoko plazari hamar buelta eman beharko dizkio korrika. Ekinaldia 18.30ean hasiko da bihar, Larraitz auzoko plazan, Amezketako bidean dagoen plazatxoan jokatuko baita, urtero jokatzen den leku berean.
Ingude-altxatzea
Alegiara doazenek ez dute harri-jasotzea bakarrik ikusiko, aurretik jokatuko baita Gipuzkoako Ingude-altxatze Txapelketa. Bertan, Irizar, Unanue eta Zialtzeta lehiatuko dira. 18 kiloko ingudea erabiliko dute eta lanean aritzeko minutu eta erdi izango dute.
Irizar da egungo txapelduna, berak irabazi baitzuen iaz lehiaketa, 85 jasoaldirekin. Unanue ere iaz jardun zen, baina hark hirugarren postuan amaitu zuen, guztira 85 jasoaldi emanda. Zialtzeta, berriz, berria izango da lehiaketa honetan.
Gipuzkoan txapela bihar erabakiko baldin bada, sanferminetan egin diren jaialdietan erabaki da Nafarroan, eta Aioroak bereganatu du 91 jasoaldirekin. Hauek ere 18 kiloko ingudea erabili zuten, eta lanean aritzeko minutu eta erdi erabili zituzten.
Bi lehiakide izan ziren lanean, eta bigarren postuan Urrutiak amaitu zuen; honek 85 jasoaldi eman zizkion 18 kiloko ingudeari.
Irigoien, Bertiz, Telleria II.a eta Agirresarobe izango dira talde batean, eta bestean, berriz, Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a eta Garin arituko dira.
Harri-jasotzaileek guztira 300 jasoaldi egin beharko dituzte lau harri ezberdinekin, eta korrikalariek, berriz, 6.000 metro egin beharko dituzte.
Lau neska arituko dira bihar 18.00etatik aurrera Iturenen jokatuko den emakumezkoen Euskal Herriko Txinga Txapelketan. Ana Berasategi, Nicola Gulova, Xanta Sousa eta Estibaliz Almandoz neurtuko dira. Neska bakoitzak 25 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean.
Mutiletan, herenegun erabaki zen Nafarroako txapela, eta Sukuntzak lortu zuen. 50 kilo esku bakoitzean hartu eta 17 plaza, 1/4 eta 4,80 metro egin zituen. Bigarren Baraibar sailkatu zen. J.L.