AIZKORA Txapeldunen Liga
Bakarkako txapelduna eta gazteak izango dira jardunaldiko protagonistak
J.L.
Geldialdi baten ostean, berriro itzuliko da Txapeldunen Liga. Bi jardunaldirekin dator eta gazteak izango dira protagonista nagusiak.
Gaur, 12.30etik aurrera, Zornotzan Ohian Larretxea eta Juanjo Lopez neurtuko dira. Egungo banakako txapeldunak, etorkizun ikaragarria duen Larretxea gaztea izango du aurrez aurre.
Bihar, 13.30ean hasita, Otxandion jokatuko da beste ekinaldia. Bertan, bi gazte, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza, izango dira protagonista. Bietan sei proba ezberdin izango dituzte egiteko, eta denbora txikiena egiten duenak irabaziko du.
Nafarroakoa
Herenegun jokatu zen Iruñean Nafarroako hirugarren mailako kanporaketa, eta Vazquez, Beltza, Eneko Saralegi, Riaño eta Eraso izan dira finalerako sailkatu diren aizkolariak. Bakoitzak bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta Vazquez gailendu zen. Erraz lortu zuen, gainera, garaipena, bigarren sailkatuari minutu erdia kendu baitzion, eta lan motz batean hori tarte handia da.