Kurdistango heriotzen eta informazio faltaren aurrean Europak jarrera lotsagarria erakutsi du
Iragan ostegunean hildako soldaduek eta militante kurduek agerian utzi dute, beste behin ere, Kurdistango iparraldean kurduek eta turkiarrek bizi duten gatazkaren gordintasuna. Izan ere, estaturik gabeko munduko nazio handienaren ordezkariek azken urteetan hamaika ahalegin egin dituzte gatazka bide politiko eta demokratikotik zuzentzeko, baina Estatu turkiarrak entzungor egin die ahalegin horiei guztiei eta auziak bere horretan jarraitzen du, bi aldeen kalterako. Kasu honetan, hamabost lagunek bizia galdu dute -hogei, iturri batzuen arabera- eta inoiz baino ageriago geratu da konponbidearen beharra. Erdoganek zuzentzen duen Gobernuak PKK Kurdistango Langileen Alderdiak soldaduak hil zituela dio; «Firat News» agentziaren arabera, aldiz, Armada turkiarraren bonbardaketan hil ziren guztiak, soldaduak eta militante kurduak.
Egia zein den jakiteko goizegi izan daiteke, baina aurrekariek erakusten dute Turkiak pizten dituela herrialde horretako liskar gehienak. Edonola ere, Europar Batasunak, PKKren kontra oldartuz eta Turkiari babesa erakutsiz, jarrera lotsagarria erakutsi du, horrela oso zaila izango baita inolako konponbiderik lortzea.