GARA > Idatzia > Mundua

Soirse

Hau guzti hau amaitzen denean «Free Palestine!» elastikoa erosi gura digula. Horrelaxe diosku kostazainetako bateko nagusiak. Uztailak 14. Iluntzea, zazpiak. Bero sapa Kolynparin. Garunetan kalteren bat eragiten ari ote zaigun nago.

p018_f01-148x128.jpg

Gaur gure orain arteko kapitainaren azken orduak «Gernika» ontzian. Iazko Askatasunaren Ontzidian izana, aurtengoan «Saoirse» irlandar ontziaren kapitain joatekoa zen. Elizaren ardatza saboteatu zioten, ostera. Ekainaren 27an. «Gernika» ontziaren kapitaina joatean, Shean etorri zitzaigun. Bere oporraldietako aste bat gurekin emateko. Azkenean hamar egin ditu osorik hemen. Ontzidiak egin didan oparirik ederrena, zalantzarik ez.

Etorri zen egunean, bost zituen uztailak, bost minutu behar izan zituen ontzia goitik behera aztertzeko. Horren ostean, karelean jesarri zen, burua makurturik. Keinuan igarri nion. «Gernika»-ren akats gehienez jabetu zen baina, akatsak akats, ez zuen atzera egingo. Kazetariak ziren orduan ontzian, elkarrizketagaien bila. Ez zuen eman nahi izan. Ez zen unea. Ezezko horri ontziko askok ez zioten egoki iritzi. Ez zuten Shean ezagutzen. Ez eta nik ere. Ulertu nion, ostera, ezetzaren zergatia. Buruko makineria su eta ke zebilkion. Hurrengo egunetan zelan lan egin duen ikusita Ontzidiarekin hartua zuen konpromisoa norainokoa izan den jabetu gara. Azken argazkiak egin ditugu, ikurrina eta guzti. Ez da folklore hutsa izan. Argazkiak atera ostean berak bildu du ikurrina. Eta beste behin baino gehiagotan esan izan didana esan dit. I like this flag. Gogoko dut bandera hau. Horrexegatik eskatu diot argazkiak ateratzea. Etxean ikurrina dauka Sheanek, duela egun batzuk berak esana. Ez dudana jakin ikurrina eman didanean esan duena. I respect this flag. Ulertzen da, ezta? Ez naiz respect hori itzultzen ausartzen. Haren ahotsaren oihartzuna ezaba nezake.

Flag. Bandera. Etorri zen egunean Sheanek ortzadarrena eskegi zuen. Goiko karelean. «Green Peace-ena?», galde egin nion. Zirikatzearren. Banekien eta ez zela. «Bakearena», erantzun zidan. Ulertua. Iragan ekainean ospatu zuten Harrotasunaren bandera da hori. Ontzian utzi digu, ez kentzeko agindua emanda. Hemen utzi duen lagunik minenari. Asuni. Agurraren orduan ikurrina batzen ziharduela, ederra bota zuen. Gogokoagoa izango lukeela ikurrina balego «Gernika» honetan, Palestinakoa baino. Bazkalondoetako batean, Harrotasunarena begien aurrean-aurrean neukala, handiagoa bota zuen. Manuel Tapielek gaztelera ikasi beharko lukeela esan ziola-eta izan zen. Gaztelera? Nahiago nuke euskara ikasi! Baina zenbatek egiten duten hizkuntza horretan? Gazteleraz, ordea, mila milioik. Ez zen kokildu Shean. Eta? Manu erantzun gabe lotu zen. Orduantxe ekin zion Sheanek «eremu urriko» hizkuntzei gorazarre egiten. Gaztelako lehorralde itzelean ez dute ulertzen.

Sheanek Joseph Conraden eskuaren parekoa eskatzen du. Ez luke onartuko, ostera, esku hori britisha izatea. Gernika honek ababorreko karelean eskegita Espainiako Erresuma izeneko Nazioarteko Enpresaren bandera duela eta, horren zergatiaz galdetu zigun. Esan zioten ba ontzikook enpresa horretako zerak garelako. Legez ez da beharrezkoa, berak. Eta ez lukeela Jack Union delako bandera duen ezein ontzitan sekula santan nabigatuko. Ontzia zein egoeratan utzi duen, horretarako bai. Poloniar jatorriko Conraden beharko genuke. Haren «The Shadow Line, A Confession» eleberri laburra datorkit gogora. Ontziak geldi-geldi segitzen du. Ez gara inora abiatu. Sheanek bart esku batean garagardoa bestean zigarreta eman zizkigun aholkuak betetzen ari gara. Pinturak, olioak eta brusak behar ditugu. Ontzia galai irits dadin iritsi beharreko lekura.

Dublingoa da Shean. 37 urte eta, Mundakan esaten legez, Betigazte hutsa. Hara baldin bazoazte, anaia bikiaz galdetu. Igandero jotzen ei du hango ez dakit zein pubetan. Ahaztu egin zitzaidan zeinetan galdetzea. Ez zaizue zaila egingo. Euskal Herrian sarritan izaten den Kila taldeaz galdetu. Esan didatenez, hiria barik herria da antza Dublin. Gu hemen hurrengo kapitainaren zain gagoz, Kolynpariko Sargazo Itsasoan. Zortzi lagun, herenegun Willy Toledo eta bart Natxo Prieto madrildarrak etorri zaizkigu eta. Ontzia itsasoratzen denean berriro idatziko dizuet. Gernika hau hurrengo Ontzidian izango den ez den izango, ez dakit. Nik neuk aldez aurretik eskatzen dut barkamena. Balizko horretan izatekotan «Soirse» ontzian izango naiz, askatasunez dut eginda honezkero erabakia. Shean hartan kapitain joan barik ere. Joango delakoan nago, nahiz eta Israel horrek hara joanez gero, heriotza eman liezaiekeen zerrendatakoa izan. Gaelikoz Askatasuna da Soirse.

Edorta JIMENEZ Idazlea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo