GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Argia, Luz-en!

Amets TXURRUKA
Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Samuel ezer baldin bada, argia da. Hala erakutsi zuen, beste behin, Pirinioetako lehen etapan garaipena lortuz. Gure taldearentzako eta euskal zaleentzako etaparik esanguratsuena Luz Ardideneko tontorrean bukatzen zen hori zela argi genuen denok, aurtengo Tourra aurkeztu zenetik. Etapa bat irabaztea zen gure helburu nagusia, eta bat aukeratzeko eskatuko baligukete, ez genuke zalantza izpirik egingo.

Bereziak dira Pirinioetako etapok eta ahalegin berezia egin zuen taldeak Ruben Perez eguneko ihesaldian sartuta. Argia izango zen lasterketa aurretik autobusean emandako agindua, ihesaldian egon beharra dago bai ala bai. Samu azkenera begira, lasai joan zedila hasierako kilometroetan baina gainerakoak aurreratzen saiatu beharra zuten aukera txikiren bat izateko edota, Rubenek egin zuen bezala, momenturik egokienean urrezko erreleboa emateko. (Aitortu beharra dizuet hortzak ongi luzatuta jarraitzen ari naizela etapa hauek).

Bildutako zaleek zirrara berezia sentitu zutela ziur naiz, baina seguru Samuk berak beste tropelkide gehienek (eta batez ere euskaldunek) bezala hotzikararen bat edo beste sentitu zuela! Hurrengoan ere esango du Jens Voigt-ek euskal zaleak direla munduko onenak!

Ostegunean asturiarrak lortutako garaipenak azalpentxoa merezi duela-eta gaurko zutabetxoan tartetxo bat hartu beharra neukan. Mutil argia da, eta helburu bat jartzen duenean, detailerik txikienak ere kontuan izaten ditu, banan-banan aztertu eta landuz. Urte hasierarako egona zen etapa horretako ibilbidea aztertzen, prestakuntza egokiena erabaki ondoren, Tourra hasi baino hilabete lehenago Sierra Nevadan altueran egonaldia egitera abiatu zen familia eta gainerakoak etxean utzita. Dauphine lehiatu ondoren berriz altuerara itzuli eta Tour aurreko ekitaldietara berriz bertara etorri behar izan bazuen ere.

Elikadura kontuan edozein nutrizionistak baino gehiago jakiteaz gain, zehatz betetzen du dieta, beharren arabera jaten du, inoiz ez gogoaren arabera. Material eta lasterketako taktika aldetik ere txikikeria orori garrantzi izugarria ematen dio eta errekuperazio teknika eta ariketa oro zaintzen ditu. Kalkulatzailea eta profesional oso ona dela ez dago zalantzarik, baina Luz-en argia dela erakutsi zigun sailkapeneko hautagaiei jaitsieran aurrea hartuz. Izpi txiki guzti horien baturaren emaitza izan zen Luz-en lortutako garaipen distiratsua.

Atzoko etapari dagokionez, Jeremy Roy eta bere taldeak garaipena merezi zuten, eguna joan eta eguna etorri, lehiakor ari direlako ikuskizuna eskainiz. Hala ere, sarri gertatu ohi den antzera handiak txikia jan du eta munduko txapeldunak eman digun erakustaldia ere ez da gutxiagorako izan; bejondeiola Thor handiari! Zorionak eta eskerrik asko, zaleoi honelako etapak eskaini dizkiguten txirrindulariei!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo