EH JAIETAN: Antzuola
«Mairuaren alardea» Antzuolan, esanahi sakoneko ospakizun ikusgarria, jaien egun handian
Antzuolarrek jaietako egun handia dute gaurkoa. «Mairuaren alardea» ospatuko dute herriko plaza nagusian: danbor hotsak, atorra zuriak, bolbora usaina, kantu eta dantza ikusgarriak tartekatzen dituen ospakizuna. Antzuolako gizon-emakumeentzat unerik kuttunena da, beren nortasunari tinko eusteko indar sinboliko handiko erritu paregabea.
GARA | ANTZUOLA
Urte osoan itxarondako eguna iritsi da. Antzuolako gizon eta emakumeek prestatzen duten «Mairuaren alardea» antzeztuko dute herriko plaza nagusian. Batzuk eskopetak sorbaldan ala kanoiak alboan, besteak Euskal Herriko bardo ezagunenak Antzuolari eskaini bertsoak kantatuz, trokeo dantzen sorta eskainiz dantzariak ala mozorrotuta mairuaren eta bere segiziokoen paperak jokatuz, Antzuolako herriak, komunitate gisa, urteroko errituari emango dio bizia.
Antzuolako historian eta nortasunaren ezaugarrietan oinarritzen da ospakizuna. Diskurtsoen zati garrantzitsuak herri- ko artxiboetan gordeta dagoen 1745eko arma-ziurtagirikoak dira eta herriko banderaren jatorriaren nondik norakoak aipatzen dira. Ikuspegi historiko eta folklorikoari dagokionez, balio handia du, kultur ondarearen altxor gisara ikaragarri aberatsa baita.
Bi gertakari goraipatzen ditu ospakizunak. Lehenik, foruen galeraren aurretik euskal herrietan arma eta milizien egoera zein zen jakiteko urtero ospatzen ziren alardeak. Alabaina, alardeak egiteko ohitura galdu eta 1876an euskal foruak desagertu ondoren, Euskal Herri luze-zabalean garai bateko ospakizunak berreskuratzeari ekin zioten herritarrek. Eta horrela, 1.881. urtetik aurrera mairua pertsonaia nagusi izango zuen alardea egiteari ekin zioten Antzuolan. 130 urte joan dira orduz geroztik, bada denbora gero!
Bigarren gertakaria ziurtasun zientifiko eta historikorik ez da ezagutzen. Ustez, 920. urtean Valdejunqueran antzuolarrek mairuen aurka izandako balizko borroka hartu zuten aitzakiatzat eta mairuaren ekitaldia antzeztuz herri harrotasuna aldarrikatzen hasi ziren.
Hartara, bi zati dituen ospakizunak, pasadizo historikoak nahastuz eta konposizio bakarrean emanez, bi gertakariei (baten existentzia gaur-gaurkoz ziurtatzerik ez dagoen arren) egiten die erreferentzia.
Betikoa eta berritua
Erreferentzia historikoetan betikoa izaten jarraitzen duen arren, eszenaratzean, janzkeran, bai eta mairuaren eta bere segizioaren jokamoldean ere berrikuntzak izan ditu alardeak. Izan denari leial, Mairuaren Alardearen eguneratzeak, gaizki-ulertuak eta akusazio maltzurrak -mairuak barregarri uzten eta estigmatizatzen zituela, kasuko- gezurtatu ditu. Bukatu da asto makilatuan ibiltzen zen mairua, zaldi dotorean dator egun. Antzuolarren buruzagiarekin duen harremana adiskidetasunezkoa da, berdinetik berdinera, ondratuak. Eta behin mairuak gure aberria onartzen duenean eta, bere hizkuntzan, ez duela gehiago aurka egingo aitortzean, mairuaren eskolta udaletxetik atera, buruzagia agurtu eta mairua zaldira igotzen da, «gure armak sutu daiskun» oihuarekin batera, eskupeta eta kanoien tiro hots beldurgarri batek, «bi herrixen arteko adiskidetasunaren seinale», antzezpenari amaiera ematen diolarik.
Kantuarekin amaitzen da, ordea, alardea. Partaide guztiek, elkartasun giroan, «Antzuolako doinuak» kantatuta. Bihotz-bihotzetik, hotsandiko ospakizunei dagokien seriotasunarekin kantatzen dute. «Basalde, Lizarraga/ Irimo bak eta/ Galartza, Uzarraga» herri guneak gogoan, «ongi etorriak izan/ beti gure herrira/ kantuz ospa dezagun/ guda bukaera», garaipenaren zapore gozo eta sufrimenduaren bukaeraren zorionta- sunean, «irten gaitezen denok Herriko plazara kanta dezagun harro: Antzuolarrak gara», herri nortasunaz harro, izan zirenaren lekuko, direnaren protagonista eta izango direnaren iragarle. Antzuolar askok eta kanpotik bertaratutako askotxok oilo-larru bukatu dute honenbestez saioa. Herri oso baten antzezpen eder baten osteko zapore onaz lepo.
Usaimenak kitzikatzeko parada izango du, segur, hango bolbora usain sarkorrarekin. Begiak zoragarri dibertituko dira okasiorako ederki lisatutako atorra, praka, tunika eta turbanteekin. Zuria, soilik zuria, beti zuria ametsetarako!... hasperen egingo dute. Eta bere txikian, gazte eta zahar, eme eta ar, herri oso batek elkarlanean eta ilusioz ekiten dionean zein gauza eder eta esanahiz handi lortzeko gai den sentituko dute. Antzuolako Mairuaren Alardeak hurrengo urtean errepikatzea ere merezi duela sentitu ere.
Urdailak bero, parrandan ero
Alardea bukatuta, Antzuolako jaien egun handiak bide luzea du oraindik. Elkarteetan espezial edo txosnek antolatutako herri afarian bestela, indarberrituko dituzte antzuolarrek beren gogo eta energiak. Patxada pixka bat, urdailak bero eta, gero, publiko ororentzat aukeran, parranda ero.
Gazteenek Egurra Ta Kito eta Skati taldeekin kontzertua izango dute, zaharxeagoak Joselu Anaiak taldearekin erromeria plazan, edo alderantziz. Kantuan arratsaldez eta dantzan gauez, gogoko dutenentzat bada non aukeratu. Eta besterik gabe, Antzuolan gora eta behera, hango jendearekin eta bertaratuko diren inguruko herrietakoekin izan da festa eta lagunak egiteko aukera.
Xarma berezia du Deskargatik behera datorren eta herriaren erdi-erditik doan Antzuola ibaiaren soinu eta freskurak gozatuz garagardo eder bat edatea. Ibai ertzeko petriletan eseri eta herrian gora eta behera dabiltzanei begira, nornahirekin hitz egin eta naturaltasunez bertako sentitzea. Antzuolako istorioak entzungo dituzu, bergararrekin duten lehiaren inguruko pasadak eta pasadizoak, euskara eder baten doinuak eta jende jator baten tratua. Antzuolarren egun handia une eder askoak bizitzeko gonbidapen bat da. Oso kontuan hartzekoa.
Bizi dezatela gaurkoa beren ametsen neurrian.
Soldaduen buruzagiaren erantzun adiskidetsua mairuari: «Gure aberrixa berriz ez zapaltzeko hitza emon doskutzu... guk pe gure herrixan izaeria eta nortasuna defendiko dogu,... eta zin itten dotzut, zuena eztogula zapalduko».
Desfilea egin bitartean, Oinarin dantza taldeko kideek trokeo dantzak egingo dituzte, hala nola, uztai-dantza, makila txikiak, zinta-dantza eta makila handiak.
Unerik entzutetsuena iragartzeko, buruzagiak eskopeta eta kanoiekin tiro egiteko agintzen du: «Soldaduok! Baldejunkeran hildako danen heriotzak gogoratu bihar dittugu, eta aldi berian gure herrixen arteko adiskidetasunaren seinale, gure armak sutu daiskun. «Gora Antzuola! Gora Euskal Herria!» oihukatuz.
Bolbora usain sarkorrak usaimena kitzikatuko du. Eta begiak, okasiorako ederki lisatutako atorra, praka, tunika eta turbanteekin zoragarri dibertituko dira. Eta «zuria, soilik zuria, beti zuria ametsetarako!...» hasperen egingo dute.