GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Gipuzkoako dantza zaharrak birmoldatu ditu Oskorrik disko eta DVDan

A. A. | BILBO

Iraultza Frantsesak ekarritako moden eraginez Gipuzkoako dantza zaharrak galduz joan ziren eta, hori ikusita, Juan Ignazio Iztueta (1767-1845) dantzako maisuak doinu horien partiturak idatzi zituen. Orain Oskorrik berreskuratu egin ditu bere «Dantza kontra dantza» (Elkar) disko berrian jaso ditu.
«Argi utzi nahi dugu kantu horien bertsio modernoa egin dugula, doinua errespetatuz, Oskorrik egingo lukeen bezala, burutik pasatako guztia egin dugu», esan zuen Natxo de Felipek taldearen izenean. «Proposamena jolas moduko bat da, eta ez tradizioaren berreskuratze-lan sakona».
Hamalau kantuz osatutako diskoa DVD batekin lagundu dute. Horretarako, Baztango Dantzariak izan dituzte bidelagun. «Ikusten genuen estrukturagatik-eta mutxikoen antza zutela eta eurei proposatu genien dantzen bertsio modernoa egitea».
DVDa Baionan, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen grabatutako irudiekin osatu dute, Oskorrik sortutako Dantza Klubeko kideekin. Lana osatzeko, dantza horien pausoak markatuz diskoan MP3 formatuan gehitu dituzte eta DVDan ikastaro bat ere badago, pausoak nola egin ikasteko.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo