KATE MOTZEAN: Jon MAIA
«Hondartzako ilunabarrei eta jaietako egunsentiei botako nieke bertsoa»
Oporretan kanpora joan eta deskonektatzen ez duen horietakoa da. Tokian tokiko egunkariei begiratua emanda, zeharka so egiten dio Euskal Herriari. «Zoritxarrez, askotan gertatu zaigu oporretan kanpoan egon eta gure herritik albiste bortitzak jasotzea», onartu du.
Egin poto udak iradokitzen dizkizun hitzekin?
Aurtengoak 32 urtetan errimatu ez duten bi hitz ditu, eta zuk eskatu bezala poto eta guzti: hondartza, gazta eta Gatza.
Eta zein usain iradokitzen dizu?
Hondar bustiarena, piper berdeena, hegaluze errearena...
Udako egunak ala gauak nahiago? Eta zertarako?
Udako egun luzeak ederrak dira, itsasoan arrain txikitan arrantzan edo hondartzan lagunekin, bazkariarekin joanda. Baina berdina esan nezake udako gau luzeei buruz...
Hondartzan, eguzkitan ala itzaletan ahal bada?
Ni eguzkitan eta uretan, eguzkitan eta uretan... horrela, geratu gabe.
Hondartzan ala mendian, MP3a edo irratia?
Mendian opor asko pasa ditut, kanpin dendarekin, Pirinioetan... baina aspaldi kostaldean gehiago egoten gara. Normalean ez MP3a ez irratia ez ditut eramaten. Agian, irratia, estropadaren bat entzuteko, ia Telmo Deunak zer egin duen...
Bainua hartzeko itsaso bare-barea edo aztoratuxeagoa?
Itsaso aztoratuxeagoa. Olaturik hartu ezin den hondartzetan aspertu egiten naiz berehala.
Inora oporretan joaten zarenean, guztia ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu edo inprobisazioz mugitzen zara?
«Kanpamendu basea» lotzen dugu, gero libre ibiltzen gara.
Maleta handiarekin ala txikiarekin?
Handiarekin ez, handiekin.
Argazki-makinarekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?
Ez dut ohiturarik argazkiak egiteko, baina horrek ez du esan nahi memoriaz asko fidatzen naizenik, kar kar... unea gozatzea gustatzen zait, beti geratuko da sentipen bat une horrena. Esaterako, ilunabar eder bat nahiago dut unean nire begiez ikusi eta ez objektibo batetik begiratu eta unea galdu gero ordenagailuan ikusi ahal izateko.
Egiteko duzun ametsetako oporraldia?
Asko: Islandian, Kanadan...
Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?
Abuztuak 14 Ondarroa, Amnistia eguna, Zubi Zahar ondoko merkatu gainean herri bazkaria. 16 urterekin edo hasi nintzen bertsotara joaten eta orain 38 urte ditut.
Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?
Cesare Paveseren ia edozein. Nire kuttunena, Stevensonen «Altxor Uhartea», eta orain Nelson Mandelaren «Conversaciones conmigo mismo» ari naiz irakurtzen, oso aberasgarria.
Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?
Ez da fenomeno bat, baina hitz batean esango nuke: egunsentia.