HAUR-GAZTE LITERATURA
Urrats sendoak
Asun AGIRIANO
Gurean ezagunak ditugu Txomin eta Katalin, baina beste hizkuntzetan Iago eta Uxía dira (galegoz) edo Pol eta Laura (katalanez), Nacho eta Laura (gaztelaniaz). 1975ean Belgikan jaio zen ilustratzaile honen pertsonaiek jatorriz Karel eta Kaatje izen holandarrak dituzte. Gurean, lehendik «Txomin» formatu handiko album ilustratua genuen eta, oraingoan, «Txominen ohiturak» kaleratu berri da. Pertsonaia ezagututa, modu didaktiko eta ludikoan, umearen lehenengo esperientzien berri izango dugu. Liburuak heztea du helburu, hau da, haurra etorkizunerako prestatzea, eguneroko ardurak hartzea eta, horrela, bizitza ezagutzea. Liburuaren irakurlea, baina, aktiboa izatea eskatzen du, ezkutuan dauden marrazki eta egoerak agerian uztea, eta gertaerak lotzea eta osatzea. Beraz, irakurleen eta heldu baten presentzia eta inplikazioa eskatzen du.
Irudi biziak dira, distiratsuak eta koloretsuak, trazu sendoz marraztuta. Pertsonaiak akaso estereotipatuak izan daitezke: Katalinek erosketak egiten ditu, amaren haurdunaldiekin kuriositatea pizten zaio, etxean laguntzen du edota zaintzailearekin dago. Txominek, aldiz, hegazkinean joan zeneko esperientzia kontatzen du, edo eskolako lehenengo egunekoa, lagunaren etxera joan zenekoa, e.a. Haurren heziketaz ari garela, esango nuke egileak egungo familien balioen aniztasuna kontuan hartu beharko lukeela, liburuetan agertzen diren zenbait jarduera azaltzeko, funtzioak eta erreferenteak aldatu egin baitira, eta irakurketak eta ilustrazioak eman dezakeen informazioa gizartearen rol ezberdinak barneratzeko izaten baita.
Dena den, liburu honek duen abantailarik handiena da eskola eta etxearen arteko zubia eraikitzen duela, familia eta ikastetxearen helburuek bat egiten dutela. Bilduma hauetako liburuetan bizitzaren ezagutza jasotzen da. Zentzu horretan, konstruktibismoaren teoria psikologikoari jarraitzen dio, hots, eskola ezagutzaren transmisioaren oinarria da, norberaren beharretatik eta interesetatik abiatuta ikasten da. Eskolako lana eguneroko bizitzara hurbildu eta txertatu nahi da, eta hortik sortzen diren beharrei aurre egin. Izan ere, Joxe Amiama irakasleak dioen bezala: «Eskola eta familia helburu bera duten bi sistema desberdin dira. Hastapenetik pertsona heldua izan arte, etxeko arduretan erantzukizuna baldin badu haurrak, eskoletan ere errazago hartuko ditu zereginak, ikasketekin trebeagoa izateko aukera gehiago izango ditu». Horrela, bada, eskola eta familiaren arteko harremanak joriagoak eta aberatsagoak izateko bideak jartzen ditu liburu honek.