Bittor Kapanaga euskararen ikertzailea Otxandion hil da 85 urte zituela
GARA | BILBO
Bittor Kapanaga euskaltzale otxandiarra ostegunean zendu zen bere jaioterrian, 85 urte zituela. Hileta elizkizuna atzo izan zen Otxandioko Santa Marina parrokian.
Hutsune handi bat utzi du euskalgintzan eta euskararen ikerketan, 1925. urtean Otxandion bertan jaio eta autodidakta izan zenak. Ezagutu zutenek diotenez, euskal kontzientziaz hamahiru urterekin jabetu zen. Eibarrera joan zen Industria Maisutza ikasketak egitera eta Eibarko gerraosteko euskal mugimendua sortu zuen beste hainbat euskaltzalerekin batera. Gerediaga elkarteko kidea izan zen ia sorreratik, Euskararen Jatorriaren Biltzarrean ere hartu zuen parte antolatzen hasi zenetik. «Euzko gogoa» agerkarian idazten hasi zen 1953ean, eta «Zeruko Argia», «Jakin» edota «Anaitasuna» aldizkarietan ere kolaboratu zuen. Liburu batzuk ere utzi ditu. Euskararen jatorria aztertzen duen «Euskara erro eta gara» da horietako bat.
Gerediga elkarteak gogoratu duenez, Kapanagak lan handia egin zuen herri ohiturak batzen eta herri kulturgintza sustatzen. Izan ere, Argizaiola saria eman zioten 1997an Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan.
Olentzaro argitaletxean eman ditu argitara lan asko. «Badator Olentzaro», «Olentzaro: sua hilda», «Olentzaroren aurpegiak» eta «Olentzaroren lagunak» dira lan horietako batzuk. Gerediagako ordezkariek nabarmendu dutenez, «Olentzaro» berba berreskuratzeko «borrokan aritu da sutsu bere idazkietan».