GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Aretxabaleta eta Mendizabal, jauzi bera egiteko bi era desberdin

Aitor Mendizabalek eta Andoni Aretxabaletak ez dute gaurko eguna sekula ahaztuko, profesional izateko ametsa beteko dute eta. Ilusioak eta asmoak ere oso antzekoak dituzte biek, baina bataren eta bestearen ibilbideek badute nahikoa desberdintasun eta xehetasun.

p041_f01_90x141.jpg

Jon ORMAZABAL

Euren ibilbideen metafora bat bailitzan, Aitor Mendizabal antzuolarrak eta andoni Aretxabaleta markinarrak ordu pare baten gorabeheran egingo dute debuta profesionaletan, euren herrietan festetan direla. Alabaina, bizkaitarrak herrian bertan eta estelar handi bat jokatuz egingo duen bitartean, gipuzkoarrak etxetik 50 kilometrora egingo du, Zarautzen, eta jaialdi bateko lehen partida jokatuz, askoz distira gutxiagorekin. Anekdota huts bat izan zitekeen, baina gertaera hau batak eta besteak leku berera heltzeko izan duten ibilbide arras desberdinaren argigarri ere bada.

Ia-ia gorpuzkeraz -Aretxabaletak 25 zentimetro kentzen dizkio garaieraz Mendizabali- eta estiloz -atzelari jotzailea bata eta aurrelari bizi eta errematatzailea bestea- dituzten adinako aldeak egon dira gaur debuta egingo duten bi pilotarien artean. Azkenaldian ohiko bihurtu den bezala, afizionatuetan ia heltzeko astirik gabe egingo du jauzia Andoni Aretxabaletak gaur Markinako Unibertsitatean, hemezortzi urterekin. 2009an Mendinuetarekin batera Diario Vascoko finala irabazi zuenean piztu zuen Asegarceren arreta, eta ordutik Bilboko enpresarekin aritu da entrenatzen, batez ere Tolosan, Aniceto Lazkano eta Luis Galarragaren esanetara. Tarte honetan, jokoan hobekuntza nabarmena egin eta Markinarekin Bizkai eta Euskal Herriko herriartekoak irabazi ostean, uste baino lehenago heldu zaio profesionaletara salto egiteko aukera. «Ez nuen espero horren azkar debutatzea. Nire asmoa orain udan afizionatuetan partida asko jokatzea zen eta entrenamenduetan ahalik eta itxurarik onena ematea. Banekien Asegarcen leku batzuk egongo zirela jendea kalera zihoalako, baina ez nuen halakorik espero», onartu zion GARAri.

«Niretzat goizegi izan daiteke, hor dauden pilotari denak gogorrak dira, oso ondo jokatzen dute eta horiei gerra emateko oraindik pixka bat falta zait», azaldu zuen; nolanahi ere, parean jarri zaion aukera aprobetxatzen saiatuko da. Gainera, herrian bertan, eta txiki-txikitatik eredu izan duen Ruben Belokiren aurka jokatzeak are erakargarriagoa egiten du eman dioten aukera. Orain bi aste enpresak Lekeition egindako egonaldian gelakide izan zuen Burlatakoa eta gaur aitaordearen lanak egingo dizkio aurrean Berasaluze VI.a eta Bengoetxea VIII.a dituztela.

Hasiberri guztiei bezala, bere burua definitzeko eskatuta, kosta egiten zaio nahiz eta oso gazte ausart eta irekia dirudien. «Aukera dudanean eskuinez ahalegintzen naiz soltatzen, saiatzen naiz atzetik aurkako aurrelariari ezkerrarekin kentzen, baina oraindik asko hobetu beharra daukat». Hor askoz argiago dauka zertan duen saiatu beharra. «Lautik eta aukera dudanean askoz gehiago aprobetxatu beharra daukat eta desplazamenduetan ere asko egin dezaket hobera». Eta hori, duen garaiera izanda ere nahiko mutil arina dela, hein handi batean, dantzari gisa emandako ordu ugariengatik.

Tradizioz, zesta puntarekin lotutako herria dugu Markina, baina azkenaldian asko handitu da eskurako afizioa eta hori nabaritu du azkenaldian. «Herrian denak ari dira debutaz, ez nago nerbioso, baina herrikoek jartzen naute urduri, horrenbeste hitz egin eta hitz egin».

Autobusa Zarautzera

Alde horretatik, behintzat, Aitor Mendizabal antzuolarra ere ez dago kexatzeko moduan, Mairuaren Alardearen biharamunean asko izango baitira autobusean sartu eta Zarautzeraino lagunduko duten lagun eta senideak. Berez, halako egun batean herritik irten beharra ez da inorentzat oso gustagarria eta Aspetik prestatu dioten debutak ere ez du horrenbesteko distirarik, Cecilio atzelari duela Apezetxea eta Arrutiren aurka arituko baita, baina motiboak merezi du.

Izan ere, Aretxabaletarena ez bezala, Aitor Mendizabalen profesionaletarako jauzia askoz luzeagoa izan da. Gainera, oso gazterik, ebakuntza-gelatik ere pasa behar izan zuen ezker eskua osatzeko. Halere, ez da lesioa izan gainditu behar izan duen oztopo bakarra. Gaur egungo pilotarako, «karrozeria» txiki samarra du Antzuolakoak eta askok zalantzak izan omen dituzte, profesionaletan erabiltzen den material gogorrarekin moldatuko ote den. «Hor denak dira gorputzez ni baino handiagoak, baina nik horri ez diot begiratu behar. Handiagoak izateagatik beste akats batzuk izango dituzte», azaldu zuen aurrelariak. «Gaur egun jendea espektakulu bila joaten da eta ni halako pilotaria naiz. Ez dakit espektakulua eman ahalko dudan, baina gustatzen zait gauzak aurrean egitea. Nahiko pilotari txikia eta azkarra naiz, tantoa azkar bukatzen saiatzen dena eta aurrean tantoak egitea gustatzen zaidana».

Afizionatuetan behintzat, zalantza horiek uxatu eta «pilotari gustagarria» izateko baldintza guztiak gainditzeko balio beharko lukeen garaipen zerrenda osatu du Mendizabalek. Aretxabaletak bezala, DVa irabazi zuen 2007an, Elgetako Lau eta Erdiko Txapelketa ospetsua ere eskuratu zuen eta, aurten, GRAVN eta Biharko Izarrak txapelketak eskuratu ditu binaka eta Euskadiko Elitea lau eta erdian. Saltoa emateko esperantza «galdu ez, baina poliki-poliki gutxitzen hasita» zegoenean jaso zuen Asperen deia eta azken bi asteetan partidarik jokatu gabe egonda, gaur helduko zaio profesionaletan debuta egiteko aukera.

Aretxabaletarekin gertatzen ez den bezala, apenas egin ditu pare bat entrenamendu Mendizabalek profesionalekin Eibarren eta Zarautzen. Antzuolan hasi zen arren, Elgetako Ozkarbi klubean aurkitutako «taldekide bikainekin» ikasi ditu pilotaren sekretuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo