GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Arana Eiguren | Ingurumen eragilea

Estres testak trenean

Euskotreni estres testa egiteko unea iritsi dela dirudi, baina ez trenei, berorren erabiltzaileei baino, garraio mota honen aldeko fidelitatea aztertzen ari direla baitirudi

Trenaren aldeko hautua egin genuenok oso pozik gaude, ohiko garraio mota honek herriak lotu, pertsonak batu eta ingurumenaren alde egiten duelako. Bizkaian gainera, oso sare eta eskaintza zabala dauka eta milaka herritarrek egunero erabiltzen dugu.

Harro gaude, gainera, gure kostaldeko arraun munduari (estropada liga) edo arkeologiari (Veleia, Araba) ematen dion laguntzagatik Euskotrenek.

Horregatik, ahal den guztietan ohiko trenaren aldeko berba onak zabaltzen ditugu gure familiarteko, lagun eta ezagunen artean. Erosotasuna, sozializatzeko espazio egokia, garraio garbia eta puntualtasuna dira gure argudio nagusiak.

Hala ere, sarri askotan, errealitatea ez dela horren bikaina aurpegiratzen digute eta, azken boladan, guk ere gauza bera aitortu behar dugu, egunero erabiltzen baitugu.

Ez dakigu zahartzaroa den, baina hilean bi aldiz, batez beste, trenbide bazterrean «botata» uzten gaituzte, Bilbo-Bermeo zerbitzuan hain zuzen ere. Motorra izorratu, frenoak arazoekin, ordutegi gorabeherak...; beharginak urduritasuna agerian dutela azalpenak eman beharrean izaten dira, erabiltzaile jada nekatuen edo haserretuen aurrean. Horregatik, Euskotreni estres testa egiteko unea iritsi dela dirudi, baina ez trenei, berorren erabiltzaileei baino, garraio-mota honen aldeko fidelitatea aztertzen ari direla baitirudi. Izan ere, bezeroak, gogaituta, garraio modu hau ordezkatzeko erabakia hartzeko arriskua dago, autobusa edo ibilgailu pribatuen alde.

Ez dakigu arazo teknikoa den, edo lokomotorak iparraldea galdu duen, baina gu Norteko Ferrokarrilla programaren bezain zale amorratuak gara; trenaren aldeko eroak, alegia. Horregatik, bultziari bultzada emateko asmotan, mota honetako ohar publikoak zabaltzea beharrezko iruditzen zaigu, kezka eta egonezina kolektiboa baita. Beharginek egunero entzuten dutena, goiko arduradunek zuzen eta ozen jaso dezaten.

Bestetik, abiadura handiko trenak ez die zerbitzurik emango herriei, Europako hiriburuak lotzeko azpiegitura delako. Egunero trena erabiltzen dugun herritarrontzat -gehienbat pertsona nagusi, emakume, ikasle eta langileak-, tximistaren abiadura hartuko duena, praktikan, burdinazko zaldi alferra da.

Badakigu trenaren unitate berriak etorri badatozela. Ezezaguna da zein irizpide nagusitu den tren parkea Gipuzkoatik berritzen hasteko. Hango trenak agian zaharragoak dira, edo txanponak gipuzkoarren alde egin zuen. Berdin da. Edonola ere, unitate berriak Bizkaira datozen bitartean, Euskotren, mesedez, jagon hobeto trenak, zerbitzuak eta beharginak. Denok irabaziko dugu, egunero estres testik gainditu beharrean egon gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo