GARA > Idatzia > Kultura

NIK LAN TA HIK JAI: Gorka Artetxe

«Gazte jendeak heltzen ez badio, honek ez du etorkizunik»

p044_f01_111x111.jpg

Mikel Pastor

Beste batzuek hondartzan eguzkiaz gozatzen duten bitartean, herriko plazetan harri bloke baten kontra borroka latzean aritzen da, izerditan blai. Udara osoa ematen du erakustaldi zein txapelketetan gibela botaz. Harri-zulatzaileen eguneroko jarduera da. Besteak gozatzeko sufritu egin behar izaten du. Eta ulertzen zaila dirudien arren, oso pozik dago egiten duenarekin.

Gorka Artetxeri modu bitxian piztu zitzaion herri kirolak egiteko grina. «AEK-ko lagun batek barrena edo harri-zulatzeari buruz hitz egin zidan. Berak komentatu zuenez, Bizkaiko meatzaldean tradizio handiko herri-kirola zen eta egunen batean probatu behar nuela komentatu zidan. Txundituta geratu nintzen hasieran. Ez nekien zer zen, edo nondik zetorren, baina egunen batean probatuko nuela esan nion», azaldu du.

Esan eta egin. Hurrengo astean, Artetxe euskaltegiko lagunaren taldean entrenatzen hasi zen. Susana Baraka da bere laguna eta Euskal Herriko nesken harri-zulatzaile talde bakarrean aritzen da, Kz Kolpeka izenekoan. Honek lan dinamika eta metodologia azaldu zizkion: «Jendeak pentsa dezake kirol erraza dela, baina honek bere teknika, taktika eta entrenamendu berezi eta propioak dauzka».

Harri-zulatzea oso gutxiren kirola izateak ere motibazioa areagotu zion. «Ez da oso kirol ezaguna, eta horrek ere erakartzen nau. Gainera, Bizkaiko Ezkerraldeko meatzaritzan pisu handia izan dute barrenadoreek, eta hortaz, tradizio hori mantentzea garrantzitsua da niretzat», nabarmendu du. Ulergarriak dira bere hitzak, kontuan hartuta bere aititak, bai amaren zein aitaren partetik, meatzaritza industrian lanean aritutakoak direla: «Euren memoriari nolabaiteko omenaldia da, gorde beharreko zer edo zer, bidean ez galtzeko».

Bere ingurukoek harrituta hartu zuten Gorkaren erabakia. «Familiari harri-zulatzen hasi nintzela esan nienean, galdezka hasi ziren. `Ondo egongo zara?', `Zer da hori?', `Segurua da?'...». Lagunentzat ere ezusteko galanta izan zen. Halere, umore eta broma artean hartu zuten Artetxeren berria. «Bai, zulaketa kontuarekin nahiko barre egin ditugu kuadrillan, zuloak egin edo beteko ditudan; badakizu, betiko kontuak», dio barrezka.

Antolakuntza falta

Harri-zulatzaileen munduan ez dago federaziorik, entrenatzaileak ez dira existitzen eta epaileen papera zulatzaileek betetzen dute, lehiatzen ari ez direnean. «Aizkolaritzan, soka-tiran, edo antzeko kiroletan ez bezala, entrenamenduak ez daude oso zehaztuta, talde bakoitzak bere lanketa propioa dauka, ahal duen hoberena. Ez dago taldeentzako entrenamendu patroi orokorrik, talde bakoitzak ahal duena egiten du sasoi onari eusteko. Finean, nahiz eta kontrakoa iruditu, kirol honetan potentzia edo indarra baino erresistentzia da funtsezkoa», azaldu du.

Euskal Herriko plazetan zehar ibiltzeak zapore gazi-gozoa utzi dio gure protagonistari: «Lehendabiziko erreakzioa jakin-mina da, jendea nahiko txundituta geratzen da herriko jaietan edo txapelketetan ikusten gaituenean.»

Froga aurrera doan heinean, euren inguruan jende ugari biltzen dela azaldu du, eta bukatutakoan, zenbait hurbiltzen zaizkiela kirolari buruz gehiago jakin nahian. «Gehienak umetxoak dira, eta horientzat barrena txikiak dauzkagu, euren interesa nolabait pizteko. Honela, kirolari buruzko argibide txikiak ematen dizkiegu, zer den, nola eman, nola ez eman...».

.

Denbora libre eskas

Harri-zulatzaileen artean zer nolako harremana duten galdetuta, Artetxek argi dauka: «Oso ona. Kirol berean aritzeak eta momentu txarrak batera pasatzeak adiskidetasun hori indartu egiten du».

Hasiera-hasieratik berarekin oso jator jokatu zutela adierazi du eta taldekideak izan zirela bera «lotu» zutenak barrenaren mundura. «Nire aldetik interesa bazen, baina lehenengo egunetik hain harrera ona eta irakasteko jarrera hori ikusita, nire gogoa bikoiztu egin zen. Ezer ez nekiela sartu nintzen, eta haiek gogo onez dena azaldu zidaten, inolako aurpegi txarrik jarri gabe».

Partaide eta arduradun

Federaziorik ez dutenez, lehendakarien bileren bitartez antolatzen dituzte txapelketak edo erakustaldiak. Horiek txapelketak antolatzeko egutegia finkatzen dute. Normalean parte hartzaileen herrietan txapelketa bana egiten dute. «Beste herrietako txapelketak direnean egun lasaiak izaten dira, baina, norberaren taldeari antolatzea tokatzen zaionean...».

Materialen prestaketa, bikote eta zulatzaile taldeen zozketa, arauak jartzea... dena geratzen da elkarte antolatzailearen esku. «Egia esanda, antolakuntza lanak egin behar dituzten elkarteek txarto pasatzen dute, tentsio eta estres handiko orduak dira», adierazi du.

Halere, Artetxe pozik dago hartutako erabakiarekin. «Duda barik, harri-zulaketan sartzea erabaki egokia izan zen, kirola egiteaz gain, lagun pila bat egin ditut-eta».

Orain Gorka Artetxe, bere taldekideak, eta barrena maite duten guztiek odol berriaren esperoan daude, meatzaldeko tradizioan oinarritutako kirol honen kolpeak entzuten jarrai daitezen. Izan ere, «gazte berririk gabe honek ez du etorkizunik».

Herri kirolak

«Ez da oso kirol ezaguna, eta horrek ere erakartzen nau. Gainera, Bizkaiko Ezkerraldeko meatzaritzan pisu handia izan dute barrenadoreek»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo