GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa

Otsoaren belarriak

 

Bitxia da: hilabetez Donostia 2016ri buruz hitz egitea saihestu ondoren, bi zutabez jarraian gaiari heldu beharra dagokit. Gauza bera esateko gainera: beste giza arlo askok bezala, bizi garen gizartean kulturak eta arteak politikaren zama eramatearen patua sufritu behar dutela behin eta berriz. Hasteko, Odonek bakearen leloa nagusitu zuen prozesua abian jartzean. Kulturak elkar ulertzean eta balio etikoen gaineko eztabaidak garatzeko ezinbesteko papera joka dezakeela uste dudan arren, lagun batek zioen bezala, arazo politikoak konpontzeko egin behar den lehen gauza arazo politikoei aurre egitea da, eta ez erakusketa bat antolatzea. Odonek, baina, otsoari belarrietatik heldu beharrean, kultura erabiltzea nahiago zuen, honen eginkizuna, finean, irudi bat eraikitzea delako, eta irudi bat besterik ez baitzen Odonek bilatzen zuena.

Noski, partidu zehatz batek hiriko gobernua zuenean, proposamena duina eta eskuzabala zen. Agintea beste partidu batek lortutakoan, programa eta lan talde berberak zalantzak pizten ditu. Eta edozeinek balia dezake Euskal Herriko gatazka politikoa Kordoban bozak irabazteko, baina kultur hiriburutza bat irabazteko? Nola liteke? Edonola ere, hemen gaude, oraindik gehienak programa irakurri gabe, euskarari diru-laguntzak murrizteko kultura eta politika behin eta berriz nahasten dutenek kultura eta politika nahastu ezin direla aldarrikatuz, Europako epaimahai neutro bat ikertuz (Manfred Gaulhofer hurrengo euskal preso politikoa bihurtuko ote?), setati, nekez eta polemikaz, beti bezala benetako arazoei, bai kultura bai politika arloetan, aurre egin nahi izan gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo