GARA > Idatzia > Ekonomia

Sarriopapelen makina berriak ez dio langile kopuruari eragingo

Leitzako Sarriopapel lantegiak 2012rako papera metalizatzeko makina berria erosi du. Horrela, paper metalizatuaren ekoizpena %70 handituko du. Erosketa honek merkatuaren segmentu horretan nagusitasuna lortzeko bidean jarri du. LAB sindikatuak adierazi duenaren arabera, egoera berriak, printzipioz, ez du langileen kopuruan eta ordutegietan eraginik izango.

Iosu GANUZA |

Leitzako Sarriopapel enpresak papera metalizatzeko makina berria eskuratu duela jakinarazi zuen. Horren bidez, Nafarroako lantegian paper metalizatuaren produkzioa %70 areagotzea espero dute 2012ko lehen hiruhilekotik aurrera.

Makina honen erosketarekin enpresak merkatuaren segmentu batean lidergoa bermatua izango du. 2009ko irailean Sarriopapelek Torrespapel enpresarekin bat egin zuen, eta orduz geroztik era integratuan lan egiten dute, bigarrenaren izena hartu dutelarik ere.

LAB sindikatuko Josetxo Zabaletak adierazi duenez, «gailu honek produkzioa handituko duenez, normalena litzateke pen- tsatzea langile kopuruak ere gorantz egingo duela». Sindikatu abertzaleko bozeramailearen hitzetan, «erosketa berri honek langileak poztu eta lasaitu ditu; izan ere, honek esan nahi du produkzioak jarraituko duela, eta beraz, ez dela kanporatzerik egongo».

Enpresak gaur egun 460 langile ditu eta ekoizpenaren %69 autokopiatzeko paperak hartzen du. Merkatuan gainbeheran doan produktua da hori; horregatik, eta merkatuaren eskariari erantzunez, paper metalizatuaren produkzioa handituko dute, urteko 4.000 tonatik, 6.000 tonara. Bi paper mota horiez gain, paper termikoa eta paper distiratsua ekoizten dute lantegian. Termikoa merkatuan gorantz doan mota da, eta merkatuan inbertsioak gora egiten ari dira horri dagokionez. Torrespapel enpresa ere paper mota horretan inbertsio handiak egiten ari da. Maiatzeko datuen arabera, enpresaren ekoizpen ahalmena 20.000 tonakoa da.

Sarriopapel lantegiko langileen gehiengoak kontratu iraunkorra dauka. LAB sindikatuak eskainitako datuen arabera, kontratua aurtengo abenduaren 31n bukatzen duten 20 langileei kontratu mugagabea eskainiko die enpresak, eta lan hitzarmenak dioen bezala, zortzi pertsona berri kontratatuko ditu. Hitzarmenak 2011 osorako irau- pena dauka, eta bertan dioenez, hainbat erretiro partzial aurreikusten dira. Horiekin batera, errelebu kontratuak bermatzen dira. Horrek esan nahi du erretiro partziala hartu duen langile bakoitzeko errelebu kontratu bat egingo dutela.

Makina berria iritsi bitartean, fabrikako langileek normaltasunez jarraitzen dute lanean, baina lantegiko azpiegiturak birrantolatzen ari dira, gailu berria kokatu ahal izateko.

lan HITZARMENA

2011ko hitzarmenak hogei kontratu luzapen eta zortzi kontratu berri agintzeaz gain, erretiro partzialak eta horien errelebu kontratuak ere bermatzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo