Baiona
Avironek N1 mailan jarraitu ahal izango du datorren denboraldian
Avironek, doi-doi, baina N1 maila galdu egin zuen. Hala eta guztiz ere, bulegoetan hartutako erabakiei esker berreskuratzea lortu ahal izan du. Frantziako Federazioa diru arazoak dituzten taldeekin oso zorrotza izaten da, eta oraingoan ere horrela izan da. Arazo ekonomikoak dituzten edota aurrekontuei aurre egiteko gai ez diren taldeak mailaz jaitsi ditu Federazioak, izenari begira egon gabe. Joan den abenduan Geugnon lehiaketatik at utzi zuten, eta orain Estrasburgo izan da mailaz behera bidali dutenetako bat. Avironi N1 mailan jarraituko duela baieztatzearekin batera, egutegia ere kaleratu dute, eta Liga etxean, Baionan, hasiko dute abuztuaren 6an, Beuvaisen aurka. Orain dela urte gutxi Lehen Mailan zegoen talde bat izango dute, beraz, aurrez aurre. Bihar eta larunbatean jokatuko da Baionan Baiona Kopa futbol torneoa Jean Dauguer estadioan, Lehen Mailako taldeekin. Gaur, asteazkena, arratsaldeko seietan Girondins eta Udinese neurtuko dira eta hori amaitutakoan Marseilla eta Betis arituko dira elkarren aurka. Hirugarren eta laugarren posturako partida eta finala 18.00etatik aurrera jokatuko dira.