GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteen hirugarren txandak itxiko ditu Elhuyar Fundazioaren II. Zientzia Udalekuak

p015_f02.jpg

Aimar ETXEBERRIA |

Hilabetea aurrera doa eta dagoeneko hirugarren gazte taldea heldu da Oiartzungo Arritxulo aterpetxera,uztailaren 4az geroztik bertan Elhuyar Fundazioak -Lakuako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntzarekin- antolatu dituen Zientzia Udalekuetan parte hartzeko.

Helburua aisialdia eta zientzia uztartzea dela dio Danel Solabarrietak, Zientzia Udalekuen arduradunak, alegia, «gazteei zientzia modu erakargarri eta ulergarri batean gerturatzea».

Aste honetan euria gogoz bota duen arren, aterpetxean ez dute umorea galdu. http://udalekuak.elhuyar.org orrialdeko blogean udalekuetatik hala diote: «Gu denetarik egiten saiatu gara, baita euriaren koreografia dantzatzen ere (bagenekielako dagoeneko botatakoarekin, gehiago botatzea ezinezkoa izango zela», zioen sarean argitaratutako mezuak.

Zientzia udalekuak izanik, zientziarekin lotutako tailerrak egin dituzte goiz eta arratsaldez, eta ekintzen artean Asterix eta Obelix, Flopy-flopy eta txantxa jolasak izango dituzte «etxe barnean bero-bero mantentzeko».

Bigarren aldia da fundazioak gisa honetako udalekuak antolatzen dituela. Candido Hernandez Lakuako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren esanetan, «horrelako ekimenak gure saileko helburuekin bete-betean bat datoz».

Guztira, hamabi eta hamasei urte bitarteko 150 gaztetxok hartuko dute parte aurten. Astebeteko egonaldietan banatuta, txanda bakoitzean 50 lagun bertaratu dira. Gaztetxoek Aiako Harriko parke naturalean kokatzen den Aritxulo aterpetxean hartuko dute ostatu eta udalekuetan dauden bitartean hainbat irteera egingo dituzte aterpetxetik abiatuta.

Bestalde, eta nobedade gisa, egunero udalekuetan gertatzen dena jarraitzeko webgune bat ireki dute Elhuyar Fundazioko kideek -http://udalekuak.elhuyar.org-. Bertan, gazteek egindako eguneroko ekintzei buruz idazteaz gain, argazkiak ere esekiko dituzte blog batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo