GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoan ere errausketa baztertzekoa dela dio Madrilek

GARA |

EHUk antolatutako Udako Ikastaroen barruan, Donostiako Miramar jauregian hiri hondakinen prebentzioaren inguruko mintegia egiten ari dira, atzo hasi eta bihar amaituko dena. Atzoko saioan, Jesus Huertas Madrilgo Ingurumen Ministerioko Kalitate eta Ingurumen Ebaluaziorako zuzendari nagusiak Hondakinen Legea aurkeztu zuen -joan den astean Madrilgo Kongresuak onartu duen legea, alegia-.

Legeak lehentasuna ematen die hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko, eta birziklatzeko neurriei, horiek erraustea eta zabortegietara bidaltzea bigarren mailan utzita. Mintegiko parte-hartzaile batek egunkari honi azaldu zionez, Huertasi Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko errausketan oinarrituta osatu den egitasmoa lege berriaren filosofiarekin bat datorren ala ez galdetu zioten, eta honek argi eta garbi erantzun zuen: «Hori ez da bidea». Jarraian, egitasmo horren inguruan Gipuzkoan «gogoeta» egitea gomendatu zuen, hondakinak kudeatzeko bide egokia zein den baloratu ahal izateko.

Honakoa ez da lehen aldia Ingurumen Ministerioak Gipuzkoako hainbat erakundek bultzatutako azpiegitura arloko egitasmoren baten egokitasuna kolokan jartzen duena. Orain dela hilabete gutxi, Pasaiako kanpo portua ekonomikoki bideragarria ez dela eta ingurumenean atzeraezinezko kalteak eragingo lituzkeela nabarmendu baitzuen Ministerio berak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo