GARA > Idatzia > Euskal Herria

Europako gazteak hizkuntza gutxituen gaineko hausnarketa egiten ari dira gasteizen

Europako hainbat herrialdetako gazteak Gasteizen bildu dira, eremu urriko hizkuntza edo hizkuntza gutxituei buruzko topaketetan. Parte-hartzaileek beren bizipenak eta gogoetak partekatuz, beren hizkuntzei babesa eta sostengua eman nahi diete.

p017_f01.jpg

p017_f02.jpg

Leticia MELON

Aste honetan zehar Europako hainbat lekutako gazteen topagune izaten ari da Gasteiz. Guztiok bi ezaugarri dituzte, gazteak dira eta eremu urriko hizkuntza edo hizkuntza gutxitu bat hitz egiten dute. Topaketon helburu nagusia beren hizkuntzak babesteko eta hedatzeko bideak bilatzea da, bakoitzaren ezaugarri bereziak aztertuz.

Ekimena Gasteizko Udaleko Gazte Planaren eta Euskara Planaren bidez antolatu dute, eta hainbat babesle izan ditu, tartean, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea eta Lakuako Kultura Saila.

Eremu urriko hizkuntzei edo hizkuntza gutxituei buruz hitz egiterakoan, batzuetan ematen du izendapenak gutxietsi egiten dituela multzo horretan sartzen diren hizkuntzak. Berez, errealitate bat erakusten du. Gure kasuan, altxor preziatua dugu euskara, baina gutxi gorabehera herrialdeko heren batek hitz egindako hizkuntza bada, egia esan, ehuneko eskasa da. Gasteizeko topaketotan euskara eta honen antzeko egoeran dauden hizkuntzak sustatu nahi dituzte; bereziki, alde horretatik gazteek egindako lanarekin eta esfortzuarekin.

Europako hainbat herrialdetatik eta estatu espainoleko hainbat autonomia erkidegotatik etorritako 55 partaideen artean, Bretainia, Korsika, Galizia, Katalunia, Asturias eta Mallorcako gazteak daude, eta Euskal Herriko hainbat gazte ere bai, jakina.

Horien artean dago Jon Luzuriaga gasteiztarra. Gazte honek bere hizkuntza maite du, eta topaketak euskararen normalizazioa bultzatzeko lagungarri direla uste du, euskararen eta euskal kulturaren egoera hedatu beharrekoa dela iritzita. Gasteizko partaideek beste herrialdeetako kideentzako ekintzak antolatu dituzte, eta hiru hilabete inguru daramate lanean atzerriko gazteei bertako kultura, gastronomia, folklorea eta gizarteko ohiturak erakusteko.

Aste honetan ekintzaz beteriko egitaraua izan dute. Besteak beste, alde akademiko edo teorikoa landu dute. Mahai-inguruak izan dituzte, hizkuntza gutxituekin zerikusia duten gaiak aztertuz, arloko adituen laguntzarekin. Hainbat idazle, kirolari eta musikari ere inguratu zaizkie, beren bizipenak azaltzeko, betiere, hizkuntzarekin lotura duten aldetik.

Astelehenean, Carmen Junyet hizkuntzalari kataluniarrak hizkuntzen jasangarritasunari buruz hitz egin zuen. Atzo Asisko Urmeneta komikigile nafarrak Euskal Herriaren egoera azaldu zien parte-hartzaileei, umore zertzeladak erabiliz. Gaurko, Joan Soleren parte-hartzea iragarri dute, Katalunian egindako ikerketa azal dezan; eta bihar, topaketen azken egunean, hitzaldien atala ixteko, Jasone Osoro, Irati Anda eta Naroa Cuestak hartuko dute hitza.

Baina topaketa honek duen bereizgarri nagusia gazteen beraien parte-hartzea da. Jardunaldiek izan ohi duten kutsu akademiko zurrunetik aldendu, eta Europako hainbat zokotatik bertaratutako gazteek beren herrialdeetako arazoak, jasandako bidegabekeriak edota beren hizkuntzen egoerari buruzko kontuak azaltzen dizkiote arratsaldero elkarri, gazteriaren ilusio guztiarekin.

Azken buruko xedetzat dute guztien artean agiri bat idaztea, eta topaketetan ordezkaririk izan ez duten eremu urriko beste hizkuntza batzuen hiztun elkarteei helaraztea.

Alba Dolo galiziarra eta Asturiaseko Llucia Menendez bereziki kezkatzen ditu beren hizkuntzaren egoerak. Bablearen alde lan egiten duen elkarte bateko kide da Menendez, eta horren bidez izan zuen Gasteizko topaketen berri. Ideia ona iruditu zitzaion hona etortzea, «hausnarketak eta iritziak trukatu ahal izateko».

Hiri berri bat ezagutzeko aukera

Alba Dolo Gasteizen sekula egon gabea zen, eta topaketak hiri berri bat ezagutzeko aukera emango ziola pentsatu zuen izena ematean; eta gainera asko ari zaio gustatzen.

Egunotan izan dituen elkarrizketen oinarria eta aurrera begirako erronka, azaldu duenez, egindako teorizazio lan guztia praktikan jartzea da, eta egunen batean «guztiok gure hizkuntzan mintzatu ahal izatea inongo eragozpenik gabe».

Topaketok egin diren lehen aldia izan da, eta bertan parte hartu duten gazteek balorazio positiboa egin dute, eremu urriko hizkuntzen aldeko pausoa delakoan. Modesto Amestoy Gasteizko Udaleko Gazteria zerbitzuko arduradunak adierazi duenez, «lantzen baldin badugu, Europako gazte pilo batengana hel gaitezke», eta ez dute baztertu berriro egiteko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo