GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Gernika itsasuntzitik

Tangi unene

Goizeko hamarrak hamabi gutxiago hemen. «Gernika» ontziak oraintxe utzi du atzean Kolynpari. Jomuga, Bartzelona inguruko porturen bat. Zein, oraindik zehaztu gabe dugu.

p020_f01-97x144.jpg

Edorta Jimenez | Idazlea

Kapitain Kauko Tobias Ndjene, Donostian bizi den namibiarra. Makinetan, David Smith eta Jane Linnell, ingelesak. Biak ere estatubatuarren «The Audacity of Hope» ontzian Gazara joatekoak izanak. Ontzian armadorea, Manu Tapial eta Laura Arau, biak iaz erasotako «Mavi Marmara»-n izandakoak, eta beste sei lagun goaz. Nabigazioa bost zatitan egingo dela eta guztira sei egun beharko direla jo du gure kapitainak. Nolanahi ere, egunoi fuela hartzekoak eta eguraldiaren arabera geldi egon beharrekoak gehitu behar zaizkio. Gaur, hasteko, hamabi orduko itsasotea egingo dugu. Pylos portura, Peloponeso penintsulan. Biharko txarra emanda baitago. Beraz, bost tarte izateko zirenak, sei honezkero.

«Gernika» ontzia ekainaren 26an iritsi zen hona, Lefkada irlan 25ean abiatuta hogeita zortzi orduko bidea egin ostean. Kapitain Espiros eta marinel Thoma greziarrak -abizenik ez dakit-, ontzian Rafa Palacios asturiarra, Salva La Cruz valentziarra eta Anton Gomez-Reino Tone ere etorri ziren. Salva da etxera ontzian itzuliko den horietako bakarra. Izan ere, bera da Grezian egonaldi luzeena egiten ari dena. Ekainaren 6tik da hemen. Lehenengo zeregina satelite bidezko komunikazioen ardura hartzea izan da. Horrela ba, «Gernika» ontzian dugun antena iaz «Mavi Marmara» hark erabili zuen berbera da. Turkiatik Salvak ekarria, bai.

Orain arte aipatu ez ditudan Guillermo «Willy» Toledo, Maria Preciado eta Natxo Prieto gaztelarrak eta ni neu gara beste lau ontzikideak. Asun Martin madrildarrak igande goizaldean utzi zuen ontzia, hegazkinez itzultzeko. Bere kabuz. Uler bedi ontziko bizimoduak eragindako albo-kalteen ondorioz.

Ontzi honen lehengo izena «Alexandros» zen. Gazarantz ekimenaren diruez eta haren aginduz Manuel Tapialek erosia, «Gernika» izena ematea erabaki zen. Izenez aldatu arren, ontziaren ezaugarriak sortzetik dakartzanak dira. Ia hogeita lau metro luze eta 5,60 zabal, 33 tonakoa da. Greziako irletan atseginezko txangoetan ibiltzeko sortua, Gazara berrogeita hamar lagun eroateko gai izango zelakoan erosi zuten. Gai ote zen ez ote zen, horren zalantza betiko geratu da. Jomugara iristen garenean ontzia ezagutzeko aukera edonork izango du, eta, ez noa ezer esatera.

Ezaugarri teknikoekin jarraituz esan ontziari goiko estalduran lau edukiontzi ezarri zitzaizkiola, fuelarentzako eta urarentzako bina. Gizakion erabilerarako sortua zen gune jakin baten kaltetan. Hutsik daroaguz ontziok, horrelaxe joateko agindu digute-eta. Ganbara edo gelarik ez, estalduretan edo bestela jesarlekuetan etzanda egiten dugu lo. Komunak lau dira, binaka banatuak, eta ezin euretara paperik bota. Badugu gure sukaldetxoa eta hozkailu parea, zartagina, lapikoa, woka eta grill elektrikoa. Azken orduetako zeregina horietan sukaldatu beharrekoak erostea eta egokiro atontzea izan da. Goizeon hona heldu den arte jakin ez duguna; Jane beganoa da. Ez dakigu zer eman behar diogun jaten. Tira, honaino gure itsasaldian erosotasunari emango diogun lekua hausnartzen joateko datuak. Honez gerokoak gure Caterpillar 3408 makina handi biek zertarako gai diren, horrexen mende utzi behar ditugu gure buruak. Lefkadatik honainoko bidean bat matxuratu egin zen. Thoma trebeak konpondu zuen.

Abiatzeko egunaren zain, astelehenean zenbait jende hartu genuen ontzian. Ia guztiak, hala edo zelan hemengo neke eta penak arintzen lagundu izan digutenak. Gehienak, Euskal Herrikoak, esan behar da. Raki greziar edari ospetsuaren aldaera den txikidua ekarri zuten. Polito edan genuen. Libiara bonbak sabelean joan eta hildakoak hegoan itzultzen diren hegazkinen zarataren azpian. Idazten ari naizen honetan bezalaxe. Kaukok ez du uste hango «erresistentzia» benetan libiarrek osatzen dutenik. Kuban eta Pasian ikasia, gizon jantzia, apala eta alaia den hau Libian lanean ibilia da. Azken hiru urteotan, atoiontzi enpresaren batean. Harik eta gudaren kariarat enpresari kontratua eten dioten arte. Bolondres datorrela argitu behar da. David eta Jane datozen bezala. Izan ere, gure azken atzerapenaren zergatia ontzirako eskifaia egoki barik geratu izana izan da. Iragan hamarrean ekin genion ganoraz bilatzeari. Igandez, beraz. Kapitaina Gernika Batzordearen eskutik etorri da, mila esker! Ez baita erraza hilik krudelenean, uztailean, lan hori onik burutzea. Beste biak azken-azken orduan fitxatu ditugu, Ontzidiko kontaktu guztietara jo ondoren.

Askatasunaren II. Ontzidia honen harira, esan, bart eman zuela argitara bere azken agiria. Nazioarteko ekimen honen azken ontzia, «Dignité-Al Karama» izenekoa, guztion ordezkaritzat agurtuz hasten den agiri horretan ezustekorik ez. Irispidean duzuelakoan, ez dut iruzkinik egingo. Arratsaldeko 13.35ean irakurri genuen Nazioarteko Enpresa izenez Israel Estatua delakoaren Indar Armatuen (ofizialen) agiria. Literaturaren historian Laidoen Liburuan sartzekoa. Nondik nora eta zelan atxilotu duten ontzia, eta harekin batera eskifaia. Lehenengo zeregina jaten eta edaten ematea izan ei zuten. Merci. Gure «Gernika» da ba nabigazioan segitzen duen ontzi bakarra, kostazain bi bere uharan dituelarik. Aske, esatekotan izan naiz. Mendebalderantz goaz, ostera, Ekialderantz barik. Askaturik, baina askatasun -gaelikoz, saoirse- barik. Eskerrik asko esan behar dugu berriro, oraingoan gure kapitainaren Ovambo hizkuntzan: Tangi unene.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo