GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | Radioshack taldeko txirrindularia

«Grupeta»

 

Grupeta», etapa baten ostean larri eta estu edo beste etapa baterako indarrak gordetzeko asmoarekin, txirrindulariok pelotoiaren atzealdean osatzen dugun taldea da. Ahalik eta lasaien helmugara iritsi eta indarrak aurrezteko asmoa duena, gainera. Baina badago, beste grupeta mota bat. Entrenatzera, eguna joan eta eguna etorri, errepidera elkarrekin ateratzen den txirrindulari multzoa.

Deba inguru horretan, grupeta handi batekin topo egin baduzu, Iñigo eta Txetxu gure beteranoak, Haimar, Romero, Txurru, Galdos, Torreta, Velasco eta ni izan ohi gara. Gure grupetako lau kide etorri ginen Tour honetara, Galdosek esan ohi duen bezala, Debako grupetaren ohorea goian uzteko asmoz. Baina tentsio eta erorikoek, bertako bi kide etxera bidali dituzte.

Zutabe hau neuk idazten dudan arren, nire gelakidearen zama arintzea dauka helburu. Amets erori zen momentuan, Haimar berarekin erori zen, eta Txurruk eraman zuen parte txarrena. Haimarrek aurrera jarraitu ahal izan zuen, eta gure Txurru, berriz, etxera. Ez da egunik egon Ametsi buruzko zerbait noiz demontre idatziko dudan galdetu ez didana.

Ba, gaur, aitortu beharrean nago, nire esku, ala hanketan, dagoen dena emango dudala etxean dauden biak omentzeko, baina, zoritxarrez, uste dut Usurbilgo mutilak eraman beharko duela gure grupetaren testigua Parisera. Saiatu, saiatuko gara zerbait egiten, baina lortu...

Ez gara, laurok egongo bagina bezala, «pabiloia altu uzteko» kapaz izango, baina kristoren «porrua» egin arren, hurrengo astean berriz hor elkartuko gara barre egin, entrenatu eta une goxoak pasatzeko. Hurrengo astera arte mutilak, betiko orduan «surkoan» ikusiko dugu elkar!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo