Gasteiztarrak hondartzara gerturatzen dituen tren zerbitzua
Kostaldera gerturatu nahi duten Arabako biztanleei ematen die zerbitzua. Gasteiztarrak ordu eta erdi pasatxoan jartzen ditu Donostiako erdialdean. Hondartzara joateko baliatzen dute askok eta horregatik «tren playero» ere esaten diote. Erosotasuna eta aparkatzen denbora galdu behar ez izatea nabarmentzen dituzte erabiltzaileek abantaila nagusien artean. «Txarrena, berriz, prezioa». «Trenez joatea gustatzen zait, gauza askorengatik, erosoa da, paisaia begiratu dezakezu, eta hori asko gustatzen zait; baita umeei ere»«Hirian edota hondartza inguruetan aparkalekua bilatzeak pazientzia galarazten dizu askotan eta hondartzara iristerako amorratuta zaude»
Leticia MELON | GASTEIZ
Uztailaren lehenean hasi eta abuztuaren 31ra arte Gasteiz eta Arabako zenbait herri kostaldearekin lotzen ditu Renferen zerbitzu honek. Hondartzara joateko erabiltzen dute makina bat lagunek eta horregatik «tren playero» esaten diote.
Kontxara, Zurriolara, Ondarretara edota Hendaiako hondartzara joan nahi duten gasteiztar ugarik baliatuko dute zerbitzua udako bi hilabete hauetan. Tren konpainiak emandako datuen arabera, iaz 7.706 bidaiarik erabili zuten. Erosotasuna eta egunari probetxu ateratzeko modua eskaintzea ditu ezaugarri nagusi garraio zerbitzu honek, erabiltzaileen hitzetan, eta jende askoren udarako derrigorrezko plana bihurtu da, horrenbestez. Bada astean zehar erabiltzen duenik, baina batez ere asteburuetan jasotzen ditu trenak erabiltzaile gehien. Trena abiatu aurretik biltzen dira Arabako hiriburuko geltokian makina bat hiritar, adin desberdinetakoak, bakoitza bere helburu eta planarekin.
Zerbitzuaren ordutegia eguna hondartzan igaro nahi duten pertsonentzako pentsatutakoa da. Gasteiztik, goizean, 9.28an, irteten da. Agurainen ordu laurdenera egiten du geldialdia; Donostiara 11.11n iristen da eta Irunera, berriz, 11.36an.
Ez du bidea zuzenean egiten eta, hori dela-eta, herrietako jendeak ere baliatzen du zerbitzua. Dulantzin, Agurainen, Araian, Altsasun, Legazpin, Zumarragan, Beasainen, Ordizian eta Tolosan gelditzen da Donostiara bidean. Batzuentzat mesede dena, kalterako da besteentzat. Gasteiztik abiatzen diren herritar asko kexu dira bidean egiten duen geldialdi mordoarekin, horrek bidaia asko luzatzen duelako. Hala, azaldu du Blanca Ruiz de Eguinok: «Txarrena, geldialdien kontua da; zuzenago joan beharko luke, nire ustez, nahiz eta egia izan herriei ere zerbitzua eman behar zaiela».
Ilunabarrean abiatzen da berriz ere Gasteizera bueltan trena. Irunetik abiatuta, Donostian 19.57an egiten du geldialdia eta Arabarako hiriburura 21.45ean iristen da. Erabiltzaileek, beraz, eguna ondo aprobetxatzeko aukera paregabea dute.
Zerbitzuaren prezioari dagokionez, hamabi urtez azpiko haurrek eta Urrezko Txartela dutenek, hau da, 60 urtetik gorakoek, 13,70 euroren truke hartzen dute. Helduek Gasteiztik Donostiarako joan-etorriko bidaia egiteko 20,50 euro ordaindu behar izaten dituzte. Gazteek, Renferen edozein tren hartzean, %20ko deskontua dute, beraz 16,40 euroren truke joan daitezke Gipuzkoako hiriburura. Garestitxoa da zenbaitentzat. Hala uste du behintzat Daniela Fernandezek. Trenaren ohiko erabiltzailea da bera, eta zenbait astetan zerbitzu hau bi alditan erabiltzen duela azaldu du. Berak deskontua du, erretiratua delako, baina iloba hartuta joaten denean, ordea, bidaia nahiko garesti ateratzen zaiola onartu du.
Gehien atsegin duena trenaren erosotasuna dela dio; Gasteizko erdialdetik Donostiako hirigunera bi ordu baino gutxiagoan iristeko aukera ematen baitu. Trenak berritasunak ditu aurten eta joan den urteko trenarekin konparatuz «aldaketa handiak» antzeman ditu; izan ere, aurten zerbitzua hobetzeko asmoz 449 serieko tren berriak jarri ditu Renfek. Enpresaren esanetan, «erosotasun handiagoa eta barruko diseinu berria izateaz gain, mugikortasun urriko pertsonen beharrizanetara erabat egokituta dagoen bagoi zentral bat» era badute tren berriek.
Modu horretan, zerbitzu ugari eskaintzen ditu: egokitutako komunak, aire girotua, eserleku etzangarriak, maletategiak, entxufeak eta oin-euskarriak. Eta bidaiak luze jo eta jan edo edan nahi duenarentzat, berriz, bagoi batean janari eta edari makinak jarri dituzte.
Asteburuetan, ia jende gehiena hondartzara edo egun lasai bat pasatzera abiatzen da, egunerokotasunetik eta ohiko ingurunetik nolabait ihes egin nahian; tartean, badira aisialdia kirola egiteko aprobetxatzen dutenak eta kostarako bidea hartzen dutenak. Zerbitzuak horiei eskaintzen dien abantaila nagusia behar dituzten tresna guztiak erosotasunez eraman ahal izatea da. Hala, geltokian badira bizikleta hartuta doazen hainbat lagun; horiek autoan eramateko autoan izaten diren leku arazoak saihesten dituzte, beraz, trena hartuta.
Gasteizko geltokian dago Andoni Abad eta Lourdes Celadak osatutako bikotea ere. Udan, trena gutxienez bi aldiz hartu ohi dutela azaldu dute. Abantaila nagusia Donostiara heldutakoan aparkaleku bila denbora galdu behar ez izatea da, beren hitzetan. «Hirian edota hondartza inguruetan aparkalekua bilatzeak pazientzia galarazten dizu askotan eta hondartzara iristerako amorratuta zaude. Trenean joanda horrelako arazoak saihesten ditugu, iritsi eta berehalakoan batean edo bestean gaude», nabarmendu dute.
Abadek aipatu duenez, urteak daramatzate zerbitzu hau erabiltzen: «Semeak txikiak zirenean, Donostiako hondartzara joaten ginen trenez guztiok batera; orain, guk bakarrik joan behar izaten dugu, hazita daudenez ez baitute gurekin etorri nahi izaten», arrazoitu du umoretsu. Salneurrian erreparatzen dute hauek ere, eta hobekuntzak ahotan hartuta, trenak eskaintzen dituen baliababideak ez ezik, prezioa bera «hobetzea» ondo legokeela adierazi du Celadak.
Elena Zaldivar eta Blanca Ruiz de Eguino lagunak dira. Ez dute trena oso maiz erabiltzen baina, noizbehinka txangoren bat egiten dute Gipuzkoako hiriburura. Blanca Ruizek onartu du trenez bidaiatzea oso gustuko duela: «Trenez joatea gustatzen zait, besteak beste, bidean paisaiaz gozatzeko aukera duzulako, bidaia bera txangoa da». Haurrekin joateko ere primerakoa dela adierazi dute bi lagun hauek, «txikiak, autoan ez bezala, trenean entretenitu egiten dira-eta». Hondartzara joateko bakarrik ez, bestelako planak egiteko ere baliatzen dute zerbitzu zehatz hau. Kasu honetan, esaterako, Igeldoko jolas-parkera abiatu dira.
Aparkaleku bila denbora ez galtzeaz gainera, udan sarri sortzen diren auto ilarak ere ekiditen omen dituzte modu honetan. «Bidaian berez ematen duzun denbora tartea laburragoa da, baina autoz joanda gal dezakezuna kontuan hartuta, kontuak ez dira gaizki ateratzen normalean». Horretaz gain, hondartzetatik gertu dauden aparkaleku gehienak ordaindu egin behar izaten direla aipatu dute eta horrek, nabarmendu dutenez, asko igotzen du norberaren aurrekontua. Beraz, ordutegiak norberaren planera egokitzen badira, poltsikoari begira behintzat gehienentzat aukera merkexeagoa dela ere badiote.
Erabiltzaileek trenean bidaiatzeak beste xarma bat duela diote oro har. Bidaiaiak irauten duen bitartean altxatzeko modua izatea, eserlekuan eserita ere hankak luzatzeko aukera izatea edota, behar izanez gero, komunerako buelta egin ahal izatea dira aipatu dituzten onuretako batzuk.