GARA > Idatzia > Kultura

ANARTZ BILBAO | Musikazalea

... laranjaz jantzirik

 

Kalean gora eta behera genbiltzala, BBVAren egoitza aurrean horrela aurkitu genituen, Ordorikak zioen bezala, jantzita, dantzan, malabareak egiten, musika joz... azken hamahiru urteotan egin duten gisara.

Kukutzako lagunez gabiltza berbetan, Errekaldeko kulturgune okupatua arriskuan den honetan. «Ku-Kutxi 103-tza», Gasteizen etxebizitza zena hustu zuten herenegun eta Bilbon kultur azpiegitura gisa erabiltzen den eraikintzarra mehatxupean bizi da. Ez dira garai oparoak «monta jaleo en la kalle: ¡okupazion!» oihuka hasi zirenentzat. Arriaga plaza bizitoki hartu zutenak ere kanporatu ditu -bertako tomateak heldu baino lehen- Emilio Botin bezala tirantezalea den Azkunak -laranjarik ez du baina-. Eta atzerriko plazak hartzen dituztenean zirrara sentitzen duen askok Arriaga plazan zirenak etorkinak zirela nabarmendu nahi izan dute gainera, ez onerako.

Kukutzak borrokan jarraitzen du baina, ezagutzen duen modu bakarrean, Errekalde auzoa eta diseinu-mundua txunditu nahian dabilen hiria aberastuz: bertan jorratzen den jarduera andana plazara atera eta ezagutzera ematea ez zaie otu ba!

Kukutzan Hortzmuga antzerki taldea izan zen atzo, Sorkunek joko du gaur, Gibelurdiñek izango dira oholtza gainean bihar eta Estiballes, Enbeita eta Ormazabal bertso bazkariaz ase ostean Kepa Junkerak soinu txikia astinduko du zapatuan; beti jan eta beti gose den espekulazioari ezin erantzun bikainagoa emanda (akorduan izan Lore Etxea).

Eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak isurtzen hasi denerako... Kukutzan, libro dabiltza, tirantezko galtza laranjaz jantzirik, libro libro!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo