GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Mutriku

Gazte Egunarekin hasiko dituzte mutrikuarrek aurtengo Malen jaiak

Gaur gauerdian botako dute jaien hasierako txupinazoa herriko udaletxetik, eta uztailaren 26ra bitartean festa usaina hartuko dute herri arrantzale honetako kaleek. Jai giro bikaina ziurtatuta egongo dela aurreratu dute, eta musika emanaldiek eta sokamuturrak hartuko dute garrantzirik handiena jaietako egitarauan. Hala ere, egitarau betea osatu dute, adin guztietako jendeak bere tokitxoa izan dezan antolatutako ekimenetan.

p050_f02.jpg

Aimar ETXEBERRIA | MUTRIKU

Aurten ere iritsi dira Malen jaiak Mutrikura, herria festaz blai bustitzeko asmoarekin. Gaur gauerdian botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik; hala ere, nahiz eta ofizialki hasiak ez izan, herritarrek ordu batzuk lehenagotik emango diete hasiera jaiei erraldoi, buruhandi, txistulari... eta abarrekin. Kolorez eta jai giroz lepo izango dituzte kaleak herritarrek, gaur hasi eta datorren uztailaren 25era arte iraungo duten ekitaldietan. Gazte zein heldu, haur eta erretiratu, denek izango dute tokia jaietan.

Gauean izango diren ekitaldiek pisu handia hartuko dute. Triki Ta Ke, Oreindik, Nahixan, Laiotz eta Trakets taldeak ikusi ahal izango dituzte arrantzale herri honetara gerturatzea erabakitzen duten parrandazaleek. Kontzertu guztiak Txurruka plazan izango dira.

Sokamuturren zaleek ere gustuko izango dute egitaraua, ia egun guztietan izango baitute zezenaren aurrean jartzeko aukera. Tradizio handiko ekimena da mutrikuarren artean eta urteak joan eta urteak etorri bere leku propioa dauka jaietako egitarauan.

Kirol ikuskizunei dagokienez ere, aukera zabala izango dute kirola gustuko dutenek. Puntako pilota partidez gain, non Berasaluze VIII.ak eta Albisuk, Asier Olaizolaren eta Beroizen aurka jokatuko duten, beste hainbat kirol ekitaldi ikusteko aukera izango dute. Pilota partida amaitu bezain pronto, herriko sokatira taldearen eskutik herri-kirol ikuskizun bat izango da. Esku pilota ez da izango pilotarekin zerikusia duen kirol bakarra, zesta-punta partidak ere antolatu baitituzte. Bertan, Mutrikuko eta inguruetako pilotari profesional ohiek jokatuko dute.

Danbor hotsek ere astinduko dute herria eta bi danborrada izango dira ikusgai jaietan zehar. Lehenengoan, helduen txanda izango da, eta gaur aterako dira, gaueko hamaiketatik aurrera. Hori amaitzean hasiko dira ofizialki Malen jaiak. Bestea haurrena izango da, eta Malen Txiki Egunean aterako dira, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Umeek sekulako aukera izango dute euren jolas eta gaiztakerietarako.

Egunero haur parkea izango dute Egaña frontoian, bi denbora tartetan banatuta: goizeko hamaiketatik eguerdiko ordu bietara, eta arratsaldeko bostetatik zazpietara. Jakinaren gainekoa da non igaroko dituzten guraso askok eta askok euren jai egunak. Eurentzako gune propioa izateaz gain, zezen txiki eta pottokekin disfrutatzeko aukera ere izango dute haurrek, baita Erre ke Erre pailazoekin ere.

Hain ohikoak diren herriko musika bandaren emanaldiek ezin zuten hutsik egin. Bihar eguerdiko ordu batean kontzertua eskainiko dute Txurruka plazan. Musika bandaz gain, herriko txarangak ere lan anitz izango du aurretik ditugun egun hauetan. Larunbatean, Gure Ametsa dantza taldeak erakustaldia eskainiko du Goiko plazan, eguerdiko ordu batetik aurrera. Emanaldia girotze aldera, lehentxeago kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar.

Nabarmentzekoak dira, nola ez, Kuadrillen Eguneko herri bazkari eta zezenekin egindako futbito txapelketa berritzailea, eta aipatu, bazkaria amaitu ondoren kuadrillen arteko jolasak egiten hasiko direla.

Gazte Asanbladak bere egitarau propioa kaleratu du

Gazte Egunarekin hasiko dituzte jaiak herriko gazteek, poteo, herri bazkari eta kontzertuekin.

Egun bakoitza aldarrikapen jakin batekin lotu nahi izan dute Asanbladako kideek, eta lehenengo eguna Gazte Eguna den bezala, Independentzia Eguna, Amnistiarena eta Kuadrillena ere ospatuko dituzte.

Umeentzako jolas, poteo, herri bazkariz eta kontzertuz betetako egitaraua osatu dute, kontzertuak txosnetan zein gaztetxean izango direlarik.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo