Lander GARRO Idazlea
Marmotaren eguna
Gure herriko jaiak iritsi dira, madalenak, baina horrek ez nau berezi bilakatzen: ziur zure herriko jaiak ere iristear izango direla. Ados, ez dira sanferminak, eta albistegiak ez dituzte gure jaietako irudi txundigarri eta alaiekin lodituko. Ez gara hedabideen kolesterol bilakatu, zorionez. Sanferminak bezalakorik ez dago, aizu: hasi sei aste lehenago, amaitu sei aste geroago, ez dute mugarik. Zientoka albiste atera daitezke handik, denak igualak izan arren. Kazetariak majo ikusten ditut bere saltsan, urte osoko jantzi zurrun eta serioak kendu eta gorriz apainduta. Inbidia pittin bat sentitzen dut haiek ikusita. Nire amonak murmurikatu du: horiek lanean daudela esango dute. Bai horixe, jaietan eta lanean. Pagotxa. Hantxe dago mutil kaskarina. «Urteroko hitzordurik garrantzitsuena» hastear da, bere esanetan. Ez G8, ez G14, ez G26, ez ezer: sanferminak. «Kaleak zuriz eta gorriz margotu» direla gaineratu du kazetari prestuak, eta «egunak gauaren lekukoa hartzean, orduan eta handiagoa izango dela jaia», eta «goizera arte luzatuko dela jai giroa». Kazetaria, iragarle. Iazko sanferminen albisteekin eginiko ‘copy-paste’ hutsa dirudi albisteak, baina kazetariak ez dauka errurik, errua neurea da, urterik urtera telebista aurrean irauteagatik, nire amonaren aldamenean. Marmotaren egunean sentitzen naiz. Gogora ezazue film hartan Bill Murray handiak pairatu zuen errepikapen madarikatu hura, egunero egun berean esnatu beharra. Ingurura begiratzen dut, zinez ote nago halako bukle batean preso? Arrazoi ote zuen Jon Juaristik, “El bucle melancólico” hartan, euskaldunok ziaboga amaiezin batean murgilduta gaudela esan zuenean? Begiak itxi ditut, eta, berriz irekitzean, gizaseme handikote bat ikusi dut kazetariaren aldamenean; jaitsi ditu galtzak, atera du ipurdia (bilo horiak ditu arrakalan), eta lasai sentitu naiz: morroi hori ikusi gabea nintzen.