GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bortizkeria handienaz torturatu zuen polizia identifikatu zuen Lujanbiok

Xabier Lujanbiok 2008an jasandako torturen arduradun nagusia identifikatu zuen atzo. Arkaitz Anzak eta Iosu Arruabarrenak ere parez pare ikusi zituzten torturatu zituzten poliziak. Auzi saioan, agenteek ez zuten gazte asanblada eta Segi lotzen dituen frogarik erakutsi.

p013_f02.jpg

Oihane LARRETXEA |

Tentsio handiko uneak izan ziren atzo Auzitegi Nazionalean, egunotan Oarsoaldeko gazteen aurka bertan egiten ari den epaiketaren hirugarren egunean. Hain zuzen, 2008ko sarekadan parte hartu zuten polizia espainolak epailearen aurrean deklaratzera deituta zeuden. Xabier Lujanbio auzipetuak bere atxiloketan parte hartu zuen polizietako bat identifikatu zuen. Salatu zuenez, «bortizkeria handienaz» torturatu zuen polizia zen. Aurrez aurre ikusteak antsietate krisia eragin zion.

Atxilotu eta bost egunez luzatu zioten inkomunikazio aldian egon ostean, Lujanbiok tortura gogorrak egin zizkiotela salatu zuen 2008an, baita astelehenean deklaratu zuenean ere.

«Poliziak, defentsaren galderei erantzunez -adierazi zion GARAri auzipetuen gertuko batek atzo-, ukatu egin zituen tratu txarren akusazioak, baita kolpekatu zuela ere». Agenteak lasaitasun eta hoztasun handiz erantzun zuela gaineratu zuen lekukoak.

Orain dela hiru urteko «infernua» gogoratzeak oso urduri jarri zuen Errenteriako gaztea eta «torturatzailea» oihukatu zion agenteari, «begietara begiratzeko ausardiarik ere ez» zuela gaineratuz. Javier Gomez Bermudez epaileak gaztea hain urduri ikusita, aretotik irteteko baimena eman zion.

Arkaitz Anzak eta Iosu Arruabarrenak ere identifikatu zituzten eurak torturatu zituzten poliziak ere. Lujanbio bezala, bi gazteak ere aretotik atera ziren, egoeraren gogortasuna zela-eta.

Frogarik ez

Guztira, hemezortzi agente ziren atzo deklaratzekoak, baina horietatik hamalau igaro ziren epailearen aurretik. Beste bik lekuko eta peritu gisa asteazkenean deklaratuko dute, astebeteko etenaldiaren ostean, epaiketak datorren astean izango baitu jarraipena. Azken biek ostera, ez dute deklaratuko.

Gipuzkoako Informazio Brigadako buruak deklaratu zuen lehenik, eta, bere hitzetan, ezin da frogatu gazte asanbladak Segiren kontrolpean jarduten dutenik, ezta Gazte Topagunea antolatzen duenik ere. Beste batek, berriz, onartu zuen Oarsoaldeako sarekada Donostian egin zutenaren segida izan zela.

manifestazioa

Auzipetuen senideek eta lagunek dei egin dute bihar «Euskal gazteria Libre eta Legala. Eskubide guztiak guztiontzat» lelopean 19.00etan Ugaldetxotik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

ESPETXERATUAK

Epaiketak datorren asteko asteazkenean izango du jarraipena Auzitegi Nazionalean. Bitartean, Oihana Mujika, Egoitz Urbe eta Iker Zabala Soto del Realen espetxeratuta daude.

OROIMEN FALTA

Atxiloketa unean egindako txostenei heldu zieten Polizia espainoleko agenteek atzo. Askok gertaera ez zutela ondo oroitzen argudiatu zuten, «denbora asko» igaro zela argudiatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo