KATE MOTZEAN: Pako Aristi
«Beroa askapena da, kanpora arropak, kanpora lotsak, korri dezala energiak»
Beroak mesede egiten dio, inspiratu; beretzat hotza da gorputza eta garuna lotzen dizkiona. «Mundua finitoagoa dela iruditzen zaizu hotz egiten duenean», adierazi du.
Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?
Energia. Hozbera naiz, eta udan energiaz betetzen nau beroak.
Eta usaina?
Kresalarena ezinbestez, ibaiko urak ez baitauka usainik.
Gauza txikiez idaztea gustatzen zaizu, udako zerk sortzen dizu inspirazioa?
Egunsentiak. Orain 6.30ean jaikitzen naiz, eta Getariara bidean ikus dezaket eguzki atera berria zilarra isurtzen itsasoan. Zoragarria, orgasmo hutsa.
Hondartzan, eguzkitan ala itzaletan ahal bada?
Nork esan dizu hondartzara joaten naizela? Ez ditut modak jarraitzen, neure erara antolatzen dut bizitza. Begira, duela ehun urteko Zarauzko hondartzako argazkiak, ez dago inor hondartzan. Ez naiz artalde zalea izan inoiz.
MP3a edo irratia?
Ez nago teknologiarekin engantxatuta. Zentzumen naturalak libre izatea gustatzen zait. Hondartza hutsak maite ditut, eta mendi leunak, bular formakoak.
Oporretan deskonektatuta ala herrian zer gertatzen den begira egotea gustatzen zaizu?
Ez dut inoiz deskonektatzen errealitatetik. Hemen banago hemen nago, eta beste leku batean banago, hango errealitatean nago. Oraina bizitzeko modu bakarra da. Ezin duzu gorputza Mallorcan eduki, eta burua Astigarragan. Ez da sanoa.
Planak lotuta ala inprobisazioa?
Ez dut ezer lotzen. Lehen gaueko hotela bakarrik. Ez dut emozioa lehen egunetik zikiratu nahi.
Maleta handiarekin ala txikiarekin?
Maletarik gabe, soinean dagoenarekin. Lekuan erosi, eta horrela urtero arropa berria daukazu.
Argazki-makinarekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?
Sekula ez dut argazkirik atera inon, eta ez dut memorian ezer gordetzen. Bizitakoa bizita dago, utzi joaten, egin lekua berritasunei. Zergatik gara hain kapitalistak gure bizitza pribatuan, dena `akaparatu' nahian beti? Beti pilatu eta pilatu, berdin gauzak, oroimenak, argazkiak, ufa!
Egindako oporraldi bereziena?
Denak izan dira bereziak, gauza normalak egiteko nik ez dut dirurik ordaintzen.
Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?
Baztan, Lesaka, Pikabea margolari ospetsuaren etxea bisitatzeko; San Anton erretegia Getarian, Hendaiako peajea, hainbat leku gogoangarri...
Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?
Ez dut bizi izan uda perfekturik inoiz, eta kantuekin ere ez naiz batere mitomanoa. Belarri ona daukat, eta zaila da kantu batek bakarrik okupatzea leku osoa.
Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?
15 urterekin `Cien años de soledad' irakurri nuen. Uda zen, eta bi hilabete Macondon bizitzen pasa nituen. Ez nintzen jabetzen non nengoen ere, noren semea nintzen, zer egiten nuen Urrestillan.
Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?
Aterrunea. Pasa da euri jasa, metraila jasa, beste begi batzuekin begiratzen diogu elkarri. Gauza asko leuntzen ari dira, baina independentzia nola lortu ezin dugu ikusi sator itsuok.