GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Carissa Moore: 2011ko munduko txapelduna

Azken lau urteetan munduko txapelduna izan den Stephanie Gilmorek txapelketa irabazi zuen Biarritzen, baina koroa galdu zuen.

p040_f01_149x93.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Uztaileko bigarren astean Biarritzen egin zuten nesken munduko WCT txapelketa erabakigarria izan zen. Ia oharkabean igaro zen txapelketa izan arren, kontuan hartzeko gauza asko gertatu ziren bertan.

Lehenik eta behin, zera azpimarratu behar da, Biarritzen mundu mailako bi txapelketa egin zirela, WCT mailakoak biak. Bi modalitate desberdinetako mundu mailako surflariak bildu zituen lehiaketa izan zen. Batetik, longboard mailako munduko neska onenak izan ziren lehian; eta bestetik, nesken WCT zirkuituko surflariak izan ziren. Olatuei dagokienean, berriz, txapelketak iraun zuen bitartean metro beteko olatuak izan ziren.

Nesken WCT zirkuituan hamazazpi lehiakidek hartzen dute parte. Iaz lortutako emaitzei esker, maila goreneko zirkuituan egotea lortu duten surflariak dira. Horien artean aurkitzen da Pauline Ado hendaiarra. Txapelketa bakoitzean antolatzaileek gonbidapen wildcard bat eman dezakete, modu horretan maila gorenean ez dauden surflariei bultzadatxo bat ematen diete, eta txandak osatzerako orduan ere, kopurua bikoitia izanda, errazago da antolaketa. Biarritzen, gonbidapenari esker parte hartu ahal izan zuen surflaria Lee Ann Curren izan zen (Tom Currenen, hiru bider munduko txapeldun izan denaren alaba).

Lee Ann biarriztarra, iaz WCT zirkuituan izan zen lehian, baina denboraldia amaitzean ez zituen goi mailan jarraitzeko behar adina puntu bildu eta mailaz jaitsi zen. Aurten WQS mailako txapelketetan ari da lehian, urte amaierarako ahalik eta puntu gehien bildu eta datorren urterako berriz ere WCTko hamazazpi nesken artean egoteko helburuarekin.

Lee Ann Curren eta Pauline Ado buruz buru izan ziren lehian final-laurdenetan. Paulinek irabazi zuen txanda hura eta modu horretan finalerdietara iragatea lortu zuen. Finalerdietan ordea, Carissa Moore hawaiiarrak kaleratu zuen.

Nesken munduko WCT zirkuitua zazpi txapelketek osatzen dute, Biarritzekoa seigarrena izan zen, baina erabakigarria izan zen, zeren txapelketa Stephanie Gilmorek irabazi arren, bigarren postuan Carissa Moore geratu zen, eta bildutako puntu guztien batuketari esker 2011ko koroa lortu du jada.

Azken lau urteetan munduko txapelduna izan den Stephanie Gilmorek aurtengoan irabazi duen txapelketa bakarra izan da Biarritzekoa, eta paradoxikoki berak garaitu duen lehiakide berak, finala galdu arren aurtengo koroa irabazi du. Carissa Moore da 2011ko nesken WCT zirkuituko txapelduna. 18 urterekin, orain artean munduko koroa lortu duen lehiakide gazteena da. Aurten egin dituzten sei txapelketetatik hiru berak irabazi ditu.

Orain, zirkuitua amaitzeko txapelketa baten faltan, ahalik eta puntu gehien biltzeko helburua dute gainontzeko lehiakideek, koroa jada noren buruan den jakin arren. Izan ere, behar adina puntu lortzen ez dituzten surflariak mailaz jaits daitezke.

Abuztuko lehen astean egingo da zirkuituko azken proba, Huntington Beachen, Kalifornian. Orain artean bildutako puntuei esker bederatzigarren postuan dago gure kostaldeko parte-hartzaile bakarra, Pauline Ado. Ez da postu txarra, proba baten faltan datorren urtean ere goi mailan izango dela pentsa daiteke, baina oraindik txapelketa asko falta dira WQS zirkuituan (bigarren mailako zirkuitua) eta gerta liteke lehiakide batzuek puntu asko bildu eta goi mailako surflariei datorren urterako postua kentzea.

Lee Ann Curren egoera zailean dago, munduko ranking orokorrean 27. postuan aurkitzen baita egun. Hala ere, lehen esan bezala, oraindik txapelketa asko falta da eta emaitza onak eginez gero postu on bat lor dezake.

Longboard txapelketa berriz, asteburuan egin zen, metro bateko olatuekin, eta irabazlea Lindsay Steinriede estatubatuarra izan zen, 28 urte betetzen zituen egun berean, gainera.

Longboard modalitatean ere hamazazpi dira maila goreneko zirkuituan parte hartzen duten lehiakideak, baina soilik bi txapelketek osatzen dute zirkuitua. Hurrengo txapelketa Txinan izango da, Hainan irlan. Txapelketa horretan argituko da nesken longboard kategorian, 2011ko irabazlea nor den.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo