GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Surf albisteak ematerako orduan irizpide propioak dituen komunikabiderik ez dago

Lehiakideek zakila balute eta txapelketa Biarritzen izan beharren Zarautzen izan balitz, urteko albistea litzateke.

Surflari Ernegatua I

Biarritzen txapelketa garrantzitsuak egin zituzten pasa den astean. Azken lau urteetan munduko txapelduna izan denak txapelketa irabazi zuen, baina koroa galdu zuen. Gauza interesgarri asko gertatu ziren Biarritzen, baina ez zuten oihartzunik izan.

Txapelketa batek albiste izan behar duen edo ez, markek erabakitzen dute, gero marka handiekin harreman zuzena duten komunikabide indartsuek propaganda lana egiten dute eta horiei gainontzeko komunikabideek jarraitzen diete atzetik. Hori da katea, inork ez du berezko irizpiderik zerbait albiste den edo ez erabakitzeko.

Beren burua aurrerakoi eta abertzaletzat aurkezten duten komunikabideek ere modu berean jokatzen dute, arrazoi desberdinak medio (batzuek bitarteko falta argudiatuko dute), baina denek berdin jokatzen dute (edo dugu), marka handiek erabakitako eta komunikabide indartsuek lagundutako propaganda kate horretan. Den-denek, salbuespenik gabe.

Zakila duten surflarien arteko hirugarren mailako surf txapelketa bat egiten bada Zarautzen, eguneroko jarraipena egiten zaio. Munduko surf txapelketa moduan aurkezten da, maila goreneko txapelketa balitz bezala, mundu guztiko surflariek parte hartzen dutelako.

Egia da WQS mailako txapelketa bat (Zarautzen egiten dena kasu) mundu mailako txapelketa bat dela, baina ez da egia maila goreneko txapelketa denik. WQS txapelketen gainetik PRIME kategoria eta WCT kategoriako txapelketak daude.

Biarritzen WCT mailako bi txapelketa egin zituzten, bi modalitate desberdinetakoak (shortboard eta longboard), maila gorenekoak. Baina esandakoa, oihartzuna zero. Lehiakideek zakila balute eta txapelketa Biarritzen («Frantzia») izan beharren, Zarautzen («Euskadi») izan balitz, urteko albistea litzateke, iraila bitartean bueltaka izango genuen albistea, komunikabideek ez lukete eguraldia aitzakia hartuta, beste albiste batzuk estaltzeko «alerta laranja»-rik iragarri beharko.

Komunikabide abertzaleentzat Biarritz Frantzia da. Komunikabide aurrerakoientzat nesken txapelketak ez dira hain garrantzitsuak. Eta komunikabide atzerakoiek, ez dute aitzakia beharrik, koherentziaz jokatzen duten bakarrak dira. Koherentziaz jokatzeko erraztasun handiagoak dituztela onartu behar da, baina kontraesanik ez duten komunikabide bakarrak dira. Azken batean haiek eraikitzen dute errealitatea, haiek egiten dute albistea eta gainontzeko guztiek atzetik jarraitzen diete.

Komunikabideek surfari lotutako albisteak aurkezterako orduan saltzen duten azaleko irudi ergel horren atzean egiazko ergelkeria dagoela aspaldi ikasi nuen. Hala ere, albiste horiek nork eta nola saltzen dituen ikusita, ergelkeria surf komunitatetik harantzago hedatua dela baiezta dezaket. Denon kalterako, Marcusen dimentsio bakarreko gizakia nagusitu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo