GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA I surfa: historia

Taulak arintzea, neskei esker emandako urratsa

Surf modernoak hasieratik emandako urrats garrantzitsuenetako bat taulak arintzea izan zen.

p040_f03_149x97.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Mendeetan zehar he'e nalu izendatu izan zuten polinesiarrek olatu gainean ibiltzearen artea. Gizon zuriak debekatu egin zuen olatu gainean ibiltzeko hawaiiarrek zuten ohitura. XIX. mende bukaeran, ordea, gutxi batzuek taula handiekin surf egiten jarraitzen zuten, eta turistek ere proba egin nahi izan zuten. Hawaiin oporretan ziren estatubatuarrek he'e nalu egin nahi zuten, baina inondik inora ez zuten ikusten ekintza hartan hawaiiarrek ikusten zuten gauza bera. Kirol dibertigarri bat ikusi zuten eta jarduera hartan esku hartu zuten egunean sortu zen «Surf moderno» gisa ezagutzen duguna.

Hawaiiar batek inoiz egingo ez lituzkeen gauzak egin zituzten surflari berriek. Esaterako, hawaiiarren kulturan taulak garrantzi handia zeukan: egur mota zehatz batekin egin behar zen, modu zehatz batean eta erritual askorekin lagunduta. Turistek ordea, egin zuten lehen gauza hawaiiarrei inoiz bururatu ere egingo ez zitzaien gauza bat izan zen; taulen forma aldatzea, alegia.

Surf modernoaren sorrera taulen egokitzearekin eta aurreko moldeen amaierarekin dator. He'e nalu zena, aurrerantzean surfing izango da, eta gizon zuriak dituen behar eta nahien araberako ibilbidea hartuko du.

1947an balsa egurrezko taulek oraindik arrakasta handia zuten garaian, Joe Quigg izeneko gazte batek balsa egurrezko taula bat beira zuntzarekin eta poliesterrarekin jantzi zuen. Berrikuntza gehiago ere egin zituen, 1948an esate baterako, beira zuntz hutsez egindako lehen lema ezarri zion taula bati azpialdean, eta lema desberdinekin probak egiten hasi zen.

Quiggek eman zuen urrats garrantzitsuena ia nahi gabean eman zuen, ordea. Darryli izeneko neska batentzat taula bat egin behar zuen, eta taula txiki bat egitea pentsatu zuen. Garai hartan, pisuarekin taulak inertzia handiagoa har zezakeela pentsatzen zen, gutxieneko pisu bat behar zuen, beraz. Quiggek ordea, arintasuna ematearekin taulak azkartasunik galduko ez zuelako konbentzimenduarekin egin zuen taula txiki eta arin hura.

Neska batentzat egokitutako taula bat egiten hasita sortu zen surfaren ibilbidea guztiz aldatu zuen taula diseinua. Emaitza ona ikusita, bere neskalaguna zen Aggierentzat ere, taula motz bat egin zuen Quiggek. Ohikoak ziren hamar oineko luzera zuten taulen ordez, 7 oineko taula bat egin zuen.

Leslie William izeneko surflari ezagunak Aggieren taula txikia probatu nahi izan zuen eta baimena eskatu zion. Leslie txundituta geratu zen; izan ere, lehen inoiz egin ez zituen gauzak egin zitzakeela ikusi zuen.

Antza, neskalagunarentzat taula arinago bat egiteko ideiak arrakasta izan zuen, eta Matt Kivlin izeneko mutil batek ere gauza bera egin zuen. Azkenean, bere neskalagunarentzat egindako taula hain ondo ibiltzen zela ikusita, taula hura berarentzat hartu bazuen ere.

Garai berean, 1950. urtean, Dale Velzy izeneko surflari batek ere taula arinak egin zituen. Hasiera batean, haurrentzat taulak egitea zen asmoa, baina edonork ibil zitzakeen taulak zirela ikusi zuten.

Konturatu gabe, surfak hurrengo urteetan izango zuen ibilbidea marraztu zuten. Taula txikiekin olatuaren goiko aldean, zein behealdean birak errazago egin zitezkeen. Horrela sortu ziren botton turn eta cutback ariketak. Egun, oinarrizko ariketatzat ditugunak.

1955. urterako egurrezko taula handi eta astun haiek zaharkituak geratu ziren. Poliuretanozko moldeak oinarri hartuta lehen taulak egiten hasi ziren eta horrek asko arindu zituen taulak. Behin taulen arintasunak zituen abantailak ikusita, gainontzeko guztia arrapaladan etorri zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo