GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Oporrak hartzear

Oporrak hartzear guztiak dirudi arinagoa, gure planek eta horiei betetzeko gogo biziak hartzen baitute garrantzi guztia, beraz, beste guztiak itxaron egin dezakeela iruditu ohi zaigu. Itxaron dezatela laneko kontuek, etxeko arazo eta konponketa txikiek, buruhausteek eta zenbait harremanek... Badakigu bueltan hor egongo direla, baina unean horretatik kanpo bizi besterik ez dugu nahi, ohiko bizimodua hilabetez ahantz dezakegulako ilusioari gogorki helduta.

Ahal duenak, jakina. Izan ere, oporrak ez dira batere unibertsalak, urrunetik ere ez daude pertsona ororen esku, eta are gehiago, esan liteke garai hauetan pribilegio ere bilakatu direla. Zeren, oporrak opor direla esateko, lehenik eta behin, lana eduki behar baita gainerako denboran, eta bigarrenik, eskubidez dagokigun atseden-epe horretan ordainsaria jasotzen jarraitu beharra baitago. Egun, milioika lagun daude lanbiderik gabe, inolako diru-sarrerarik jasotzen ez dutela, abuztua, azaroa edo martxoa izan berdin-berdin daudenak zeri heldu bila, oporrak ez eta janaria eta fakturak dituztela buruan. Bestetik, beste hainbestek, lana izanda ere, lan-merkatuaren eta enpresen trikimailuak jasan behar dituzte, esaterako, kontratua uztailean eten, kanporatu eta irailean berriz kontratatua izan, oporretarako benetako eskubiderik gabe. Aldi baterako, behin-behineko, obra-kontratuen eta halakoen jardun makabroei esker.

Halako arazorik pairatu ez eta oporrak hartzear dauden politikariek, atseden hori zoragarri igarotzeko nahikoa diruaz, kongresua itxi baino lehen azken gauza bat egin dute: Gizarte Segurantzaren Modernizazio Legea onartu. Badakizue, pentsioen erreforma «ezinbestekoa», besteak beste, erretiroa hartzeko adina 67 urtera atzeratu eta pentsioa kalkulatzeko urte-kopurua 15etik 25era luzatuko duena. Bizi dugun garai honetan, krisia protagonista eta aitzakia bakar eta herritar gehiegi kinka larrian jarrita, besteen hutsak luzaroan ordaintzen jarraitzeko beste neurri bat, alegia, oporrak ere, gehienenontzat, kimera bihurtuko dituena.

Modernizazio hori, paradoxikoki, atzerapausoa izango da emakumeontzat bereziki eta, gure aukera eta errealitate ekonomikoari dagokienez, gauzak bere horretan segi dezaten ahalbidetuko du, galtzaileenak izatera behartuta. Erreformaren eragina berehalakoa ez denez, ondorioak epe luzera jasanda, ez gara behar bezala jabetzen ekarriko digunaren urritasunaz. Nahikoa dugu egungoa aurrera ateratzearekin eta bete beharreko esparruak betetzearekin, lana horietako bat besterik ez dela, sarri alboratu beste erremediorik ez duguna, gainera, bestelako premia eta arazoen poderioz. Oraindik emakumeak gara lan-merkatura sartzeko zailtasun handiagoak ditugunak, soldata txikiagoak, etenik gabe lan egiteko arazo handiagoak, familiaren, nagusien eta mendekoen zainketak ere gure «lana» izaten jarraitzen baitu. Lege honek, jakina, ez digu batere mesederik egingo noizbait iritsiko zaigun pentsioa jasotzeko unean, baina aurrera eraman dutenek ondo dakite badaudela zenbait kontu, une jakin batean, «arinak» eta «gero-gerokoak» bihur daitezkeenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo